Gazteentzako sormen egonaldia abenduan

15 eta 22 urte bitarteko gazteei zuzendutako proiektua da Ahots Baten sormen egonaldia. Aurreko urtean, pandemiaren eraginez, egun banatako bi saio egin baziren ere, aurtengoan berriro ere lehengo forma hartuko du: lau eguneko egonaldia izango da. Abenduaren 27tik 30era egingo dute Amaiurko aterpetxean (Nafarroa).
Antolatzaileen hitzetan, "urte osoan zehar, antzerkia, bertsoa, kantua, narrazioa zein ahozkotasunaren diziplina ezberdinak lantzen dituzten gazteek kultur adierazpide horietaz gozatzeko eta haiekin esperimentatzeko aukera izango dute lau eguneko egonaldian; baita, nola ez, beraien arteko harreman sareak eraikitzeko ere".
Bigarren eta hirugarren egunetan sortzaile ezagunak batuko dira egonaldira. Ane Labaka bertsolaria eta Maialen Belarra gai-jartzailea abenduaren 28an izango dira Amaiurren. Eurez gain, Intza Alkain aktorea, Joseba Larratxe Josevisky komikigilea eta Miren Narbaiza MICE musikagile eta kantaria ere bertaratuko dira hurrengo egunean.
Izen-ematea datorren astelehenean, hilaren 22an, irekiko da, goizeko 10:00etan. Abenduaren 3ra arte izango da izena emateko aukera Bertsozale Elkartearen webgunean.