Gazteentzako egitarau berezia Sanferminetan

Gazteentzako egitarau berezia Sanferminetan https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gazteentzako-egitarau-berezia-sanferminetan/@@download/image/2007737879IMG_0338.JPG
2012/12/13
berria
Gazteentzako egitarau berezia Sanferminetan
Iruindarrok Gazte Peñak San Ferminak herritarragoak egin nahi ditu, eta horregatik, duela hiru urte sortutako taldeak egitarau berezia prestatu du.

Gazte Peñakoek diotenez, Udalaren jarrerari aurre eginez, jai eredu parekide, euskaldun, partehartzaile eta alternatiboa eraiki nahi dute, eta horretan ari dira.
"Udalak, UPN eta CDNren gidaritzapean, jaien kudeaketa eta edukiak herritarrongandik aldentzen ditu, beraien interes politiko eta ekonomikoei begirako jaiak eginez, eta San Ferminen berezko izaera herritarra galaraziz. Gure jaien ezaugarririk garrantzitsuena, zezenak ez ezik, peña, koadrila eta auzokideen parte hartzea eta giroa dira, baina Udalak enpresa pribatuei saltzen dizkie plazak eta ekimen partehartzaileak alboratzen ditu, San Ferminak turistei begirako feria komertziala bihurtuz..."
Gazte Peñakoek salatu dute euskarazko kontzertuak Media Lunara bidali dituztela, eta aldiz, Gaztelu enparantzako kontzertuetan dirutzak gastatzen duela Udalak. Txupinazoan ikurrina ikus ez dadin Udalak egiten duen saioa ere kritikatu dute. Horregatik, herritarrei festetan ikurrina erabiltzeko deia egin diete. Iruñerriko herri mugimenduei, laugarren urtez, txosnak jartzea debekatu izana ere salatu dute; "bitartean, ordea, penintsulako etxe erregionalei Takoneran nahi adina leku eskaintzen diete".
Honi guztiari aurre egiteko Iruindarrok Gazte Peñakoek egitarau alternatiboa prestatu dute, kalea eta gazteon berezko espazioak berreskuratzeko eta gazte guztien parte hartzea bultzatzeko.
Hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Esaterako, "zezenketetetara ez goazenoi arratsaldeak hutsak geratzen zaizkigunez, Arga ibaiaren bigarren jeitsiera egingo dugu aurten ere, eta arratsaldeetako egitaraua zabalduko dugu. Horrela egungo jaiak irauli eta gure izaeraren ezaugarriak biltzen dituen jai eredua lortzeko bidean aurrera pausoak ematen jarraituko dugu. Festa euskaldunak nahi ditugulako, euskal kultura bultzatu eta jaietan ere euskaraz biziz; jai parte hartzaileen aldeko apustua egiten dugulako, asanbladan antolatzen eta jaien kontsumitzaile edo ikusle izan beharrean jaietan aktiboki parte hartuz; eta jendarte parekide baten beharra dugulako, eraso sexistak salatuz eta generoen arteko bereizketarik gabeko jaiak bultzatuz".
Gazteek gogoratu dute, "Gora Iruñea" plataforman parte hartzen dutela, eta horrek antolatutako jardueretan parte hartzeko deia egin dute.
"Besterik gabe, Iruñerri osoari San Ferminetan ongi pasatzea opa diogu, jai herrikoien alde borrokan jarraitzen dugun bitartean".

EGITARAUA

Uztailak 7: 
18:00: Askari autogestionatua+ Elektrotxarangarekin kalejira Aduanaren plazatik 

Uztailak 8:
18:30: Horma irudia San Frantzisko plazan. Gero, Germanen omenaldia.
21:30: IruindaROCK Musika maratoia

Uztailak 9:
Gora Iruñaren eguna

Uztailak 10:
16:30: Argaren jeitsiera + Askaria Magdalenako merenderoetatik.
19:00 Triki-poteoa Alde Zaharrerantz

Uztailak 11:
Iruindarrok eguna!
11:00: Dianak + hamaiketakoa Santa Ana plazatik
12:30: Herri kirolak Santa Ana plazan
14:30: Bazkaria + Zozketa  Santa Ana plazan
16:00: Ni neu artista + Peñaren argazkia Santa Ana plazan
17:30: Elektrotxarangarekin kalejira Santa Ana plazatik
22:00: Bideo emanaldia + Bokatada Santa Ana plazan

Uztailak 13
18:00: Elektrotxarangarekin kalejira. Ur puxika-guda Gaztelu enparantzan
20:00: Enkartelada. Elektrotxarangak jarraituko du gero.
21:30: Soka-tira

Uztailak 14
18:00: Askari autogestionatua + Batukada (Zenzen plazan. kanpoan)
19:00: Gazte entzierroa Zezen plazatik Udaletxera + pitada.