Gazteentzako 'Arnasetik' bideo-sormen lehiaketa sortu dute

Gazteentzako 'Arnasetik' bideo-sormen lehiaketa sortu dute Udalerri euskaldunetako 10-16 urte arteko gazteek urriaren 5era arteko epea izango dute euren lana bidaltzeko. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gazteentzako-arnasetik-bideo-sormen-lehiaketa-sortu-dute/@@download/image/Arnasetik-SARIAK-1024x512-1.jpg
2022/09/05

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Udalerri euskaldunetako 10-16 urte arteko gazteek urriaren 5era arteko epea izango dute euren lana bidaltzeko.
Gazteentzako 'Arnasetik' bideo-sormen lehiaketa sortu dute

Arnasetik bideo-sormen lehiaketa abiatu dute UEMAk, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak, arnasguneetako gazteen hizkuntza ohituren inguruan gogoeta sustatze aldera. Sormena erabiliz, istorioak kontatzea izango dute helburu 10-16 urte bitarteko gazteek, hiru kategoriatan banatuta. Lehiaketan parte hartuko duten gazteak udalerri euskaldunetako ikasleak izango dira, eta lanak bakarka edo taldeka egin daitezke.

Hiru kategoria izango ditu lehiaketak: LH 5. eta 6. maila, DBH 1. eta 2. maila, eta DBH 3. eta 4. maila. Kategoria bakoitzean lan jakina izango dute. Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleek LHtik DBHrako aldaketak berarekin dakartzan "emozio, hizkuntza ohitura eta egoera berriak" islatu beharko dituzte haien sormen lanetan, formatu librean (marrazkia, bertsoa, poema, bideoa, abestia…). Izan ere, arnasgune gehientsuenak udalerri txikiak dira eta bertako ikasleek inguruetako ikastetxe handiagoetara jo behar izaten dute DBH mailako ikasketak egitera.

DBH 1. eta 2. mailako ikasleek, berriz, bideo-tutoriala egin beharko dute, Julen Portilloren bideoa eredu izanda, youtuber estiloan. Azkenik, DBH 3 eta 4. mailako ikasleek Hiru Damatxok ekoiztutako bideoan agertzen diren galderei erantzuten dion bideoa sortu beharko dute, elkarrizketa irudikatuko duen formatu batean.

Sariak eta epemuga
Bi mila euroko balioa banatuko dute guztira saritan. Kategoria bakoitzak 500 euroko sari baliokidea izango du, eta publikoaren saria ere emango dute. 500 euroko sari bakoitza Irrisarri Land-en, Durangoko Azokako denda birtualean edo EITB-ko Goazen! eta Irabazi arte! telesailen merchandising-ean trukatu ahal izango da.

Urriaren 5ean amaituko da lanak aurkezteko epea, eta urriaren 28an banatuko dira sariak, Villabonan egingo den ekitaldian. Sariak banatzeaz gain, sorpresa ugari izango direla iragarri dute antolatzaileek. 

Informazio osagarria hemen kontsulta daiteke.