Gazteen Zinemaldia

Gazteen Zinemaldia https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gazteen-zinemaldia/@@download/image/20128284745zine_1360240086.jpg
2012/09/07
erreportajea
Testua: Aitor Abaroa
Gazteen Zinemaldia
Donostiako 60. Zinemaldi honek, aurrenekoz, sail nagusien maila berean jarriko du zuzendari gazteei eskainitakoa. 

Donostiako Zinemaldia ere pairatzen ari da krisi ekonomikoaren ondorioak eta, aurrekontua murriztuta, hainbat aldaketa izango dira 60. ekitaldi honetan. Baina sarri entzun izan dugu egoera zailek aukera berriak dakartzatela, eta badirudi zine munduan sartzear diren gazteei bidea erraztu nahi diela aurtengo Zinemaldiak.

Azken urteotan, Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketak formazioan aurrerapausua emateko primerako elkargunea izan dira mundu zabaleko gazteentzat. Zuzendari Berriak izeneko sailak, aldiz, ikuslegoari talentu berrien lanak deskubritzeko parada eskaini dio. Baina Horizontes Latinos edo hasiberria den Culinary Zinema sailek berezko izaera eduki duten bitartean, Zuzendari Berriak Zabaltegiren baitan kokatu dute orain arte, Zabaltegi Perlak eta Zabaltegi Bereziak azpisailekin batera. Aurten, baina, lehenengoz, gainontzeko sail nagusien maila berean jarri dute arduradunek zuzendari gazteei eskainitako atala.

Ondorio nagusia artistikoa da, izan ere, berezko tartea izateak film esanguratsuagoak ekartzea ahalbidetu die antolatzaileei. Guztira hamazazpi lan lehiatuko dira eta irabazleak Kutxak finantzatutako 90.000 euroko saria eskuratuko du. Parte hartu ahal izateko baldintza ondokoa da: zuzendariaren lehenengo edo bigarren film luzea izatea.

Europako eta Hegoamerikako pelikulak dira nagusi. Hala nola, Espainia, Frantzia, Alemania edota Britainia Handitik datozenak, baita Paraguai, Txile, Brasil edota Perun ekoitzitakoak ere. Baina azpimarratzekoa da Ekialde Hurbileko hiru film ere aukeratu dituztela: Majid Barzegarren Parviz irandarra, Jonathan Gurfinkelen Shesh Peamin israeldarra, eta Eliane Raheben Layali Bala Noom Libano eta Dubairen artean ekoitzitako filma. Txinatik ere ekarri dute bat, Hao Jie zuzendariaren The Love Song of Tiedan.

Segidan gure proposamenak:

Chaika


Zuz: Miguel Angel Jimenez. Espainia-Georgia-Errusia.
Miguel Angel Jimenezen bigarren filmak errodatu aurretik ere ikusmin handia sortu zuen. Erromako Zinemaldian proiekturik onenaren 30.000 euroko saria eskuratu zuen Lars VonTrierren Zentropa ekoiztetxearen edota Jodie Foster aktore eta zuzendariaren proiektuen aurretik. Filmak sexu langile baten eta marinel galtzaile baten arteko istorioa kontatzen du, eta bi urtarotan eta bi paisaia ezberdinetan banatuta dago. Alde batetik, Siberiako negu amaigabea; eta bestetik, Kazajistango estepako uda lehorra. Kinoskopik ekoiztetxe arabarrak produzitu du.

Layli Bala Noom


Zuz: Eliane Raheb. Libano-Dubai.
Film ezaguna Donostiako Zinemaldian, izan ere, iaz Zinea Mugimenduan saileko sari nagusia eskuratu zuen. Dokumentala da eta bi pertsonaiaren bizitza hari hartuta, Libanoko gerraren ondorioak ditu aztergai. Alde batetik, Assaad Shaftariren istorioa kontatzen du, gerran hainbat erailketaren arduradun izan ziren milizia kristauen buruetako baten istorioa. Bestetik, bahitua izan zen gazte baten amak bahiketak iraun bitartean bizitakoa du hizpide. Gerra bereko bi alde aztertuz, indarkeriak zabaldutako zauriak ixteko aukeraz hausnartzen du Eliane Rahebek.

Le Jour des Corneilles


Zuz: Jean-Christoph Dessaint. Frantzia-Belgika.
Animazioak ere badu bere tartea sail honetan. Frantzian, Hego Korean zein Japonian animatzaile bezala hainbat filmetan parte hartu ostean, lehenengo aldiz zuzendaritza lanetan sartu da Dessaint. Istorioak basoan modu basatian bizi den ume bat du protagonista. Egun batean, herri bat deskubritu eta bizitza zibilizatua ezagutuko du, eta han, neskatxa batekin maiteminduko da. Frantziako zinemagintzako izar handien laguntza izan du Dessaintek, adibidez, hainbat pertsonaiari ahotsa jarri diete Jean Renok, Isabelle Carrek edota Claude Chabrolek.

7 cajas


Zuz: Juan Carlos Maneglia eta Tania Schembori. Paraguai.
Paraguaiko hau ere ezaguna da Zinemaldian, Zinema Eraikitzen sailean nagusitu baitzen iaz. Victor hamazazpi urteko gazteak amets bat dauka: telebista bat eduki nahi du. Egun batean, bere ametsa betetzeko aukera ikusiko du. Zazpi kutxa leku batetik beste batera eramatearen truke 100 dolarreko soldata eskainiko diote. Lan erraza dirudi, sari potoloduna eta, azkenean, etxean filmak ikusteko aukera emango diona. Baina zazpi kutxa horietan mundu guztiak nahi duen zerbait dago eta lana pentsa baino konplikatuagoa izango da.