Gazteen sormena sustatzeko egonaldiak eta programazioa antolatu ditu Loraldia Kultur Elkarteak

Gazteen sormena sustatzeko egonaldiak eta programazioa antolatu ditu Loraldia Kultur Elkarteak Maiatzean eta ekainean musika, dantza ikuskizuna eta antzezlanak izango dira Bilboko Terminalen. Udan, berriz, gazteentzako egonaldiak egingo dituzte Lekeition. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gazteen-sormena-sustatzeko-egonaldiak-eta-programazioa-antolatu-ditu-loraldia-kultur-elkarteak/@@download/image/gaztea-loraldia-1024x619.jpg
2022/04/19

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Maiatzean eta ekainean musika, dantza ikuskizuna eta antzezlanak izango dira Bilboko Terminalen. Udan, berriz, gazteentzako egonaldiak egingo dituzte Lekeition.
Gazteen sormena sustatzeko egonaldiak eta programazioa antolatu ditu Loraldia Kultur Elkarteak

Loraldia Kultur Elkarteak Gaztea ekimena aurkeztu zuen iaz, gazte-sormena sustatu eta gazteei profesionalizatzeko bidean laguntzeko, formazioa eta plaza eskainiz. Bi alor jorratuko dituzte egitasmoaren barruan: alde batetik, gazteek sortutako sormen proposamenak eskainiko dituzte La Terminal espazioan programa egonkor batekin; eta, bestetik, Udako Ola, transmisioa lantzeko, sormena sustatzeko eta bide propioa egiteko sormen gune berri bat proposatuko dute, Lekeition izango diren egonaldien bidez.

Gazteen sormenerako espazioa Bilboko Zorrotzaurreko La Terminal aretoan kokaturik dago. Haceriak Arteak elkarteak kulturgune bihurtu duen lantegi zahar eta handian, sortzeko eta plazaratzeko aukera izango dute gazte euskaldunek. Loraldia Festibalaren zortzigarren edizioan egin da aurten lehen saiakera, egun oso batez La Terminal eraikinean gazteek sortutako lanak plazaratu baitituzte, Loraldia Terminala izenburupean. Bertako programazioa iraunkor bihurtzea da asmoa, eta hilean behin gazteek sortutako mota askotariko euskarazko proposamen artistikoak eskainiko dira bertan. 

Asmo horri jarraiki, apirilaren 8an Bilboko AMOOMA taldearen kontzertua egin zuten, eta datozen hilabeteetarako egitaraua ere osatu dute. Maiatzaren 13an, 19:00etan, Arima Zimeldua dantza garaikideko ikuskizuna izango da Izaro Urrestarazu eta Maider Muloneren eskutik. Ordu-erdi geroago, berriz, Maitasuna baino handiagoa den sentimendu bakarra antzezlana eskainiko da, Ines Arestik idatzia eta Nerea Lizarraldek antzeztua. Ekainaren 10, 17 eta 24an, Amets Larrea eta Aitzol Iraolaren Errefusa antzerki laburra izango da, 19:30ean. Ekainaren 10ean, berriz, Ilargik musika kontzertu akustikoa emango du, 20:00etan. 

Egonaldi kulturalak
Loraldia Kultur Elkarteak transmisioa eta sormena lantzeko sei eguneko egonaldi kulturalak ere antolatu ditu lehen aldiz, Udako Ola izenekoak. 18-25 urte bitarteko gazteei zuzendutakoak dira, eta 50 lagunek hartu ahalko dute parte, bi txandatan: ekainaren 27tik uztailaren 3ra lehenengoa, eta uztailaren 4tik 10era bigarrena. Lekeition egingo diren egonaldietan transmisioa landuko dute. Gazteei gaurko erreferenteak ezagutzeko parada eskainiko diete, sormena sustatu eta bide propioa egiteko sormen guneak zabaltzeko asmoz.

Gazteek Lekeitioko Trinkete Etxea Ostatuan hartuko dute aterpe sei egunez, eta formakuntza tailerrak eskainiko zaizkie egunero, lau arlotan egituratuta: hitza, soinua, irudia eta gorputza. Sortzaile profesionalek gidatuko dituzte saio hauek, besteak beste, Patxo Telleria, Iratxe Fresneda, Jokin Oregi edota Itsaso Arrietak. Horiez gain, beste sortzaile batzuk ere bertaratuko dira saio berezia eskaintzera, hala nola Miren Agur Meabe, Eñaut Elorrieta, Mursego, eta Mikel Martinez. Gainera, gazteek euren sormen-lana egingo dute egonaldian zehar eta azken egunean Lekeitioko herriaren aurrean erakutsiko dute.

Egonaldirako izena emateko epea apirilaren 29ra arte egongo da zabalik. Loraldia Kultur Elkartearen webgunearen bitartez eman behar da izena, inprimakia betez. Egonaldiaren prezioa 300 eurokoa izango da.