Gazteen kezka eta gogoetak bilduko dituen 'Geruzak' proiektua sortu dute Jakinek eta Elkarrek

Gazteen kezka eta gogoetak bilduko dituen 'Geruzak' proiektua sortu dute Jakinek eta Elkarrek Sei ikus-entzunezko atal egin dituzte oraingoz, eta baita webgunea ere. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gazteen-kezka-eta-gogoetak-bilduko-dituen-geruzak-proiektua-sortu-dute-jakinek-eta-elkarrek/@@download/image/gazteak.png
2022/10/05

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Sei ikus-entzunezko atal egin dituzte oraingoz, eta baita webgunea ere.
Gazteen kezka eta gogoetak bilduko dituen 'Geruzak' proiektua sortu dute Jakinek eta Elkarrek

Feminismoa, soziolinguistika eta pentsamendua gazteen artean lantzeko helburuz jaio da proiektua, euren kezka eta galderetatik abiatuta. Lorea Agirre Jakineko zuzendariak azaldu duenez, "gai eta auzi jakinen bueltan, gazteen hitza, gazteen bizipenak, pentsamenduak, kezkak, usteak eta hipotesiak jaso nahi izan ditugu eta dokumentaletara ekarri". Dokumental-sortaz gain, gai bakoitzak kaiera tematiko propioa eta kultur diziplina desberdinetako erreferentziak izango ditu material osagarri gisa. Webgunea ere prestatu dute eduki guztia biltzeko. 

Oraingoz sei atal egin dituzte, Lander Garro idazle eta zinemagileak zuzenduak, eta honako gai hauek jorratu dituzte bakoitzean: desira, sormena, askatasuna, boterea, ondo bizitzea eta taldetasuna. Dokumentalerako "Euskal Herriko leku eta errealitate soziolinguistiko, kultural eta politiko desberdinetako" gazteak hautatu dituzte. Hauek izan dira egindakoetan parte hartu duten gazteak: Begoña Garaikoetxea Diaz, Andrei Fuchs Anev, Ilargi Manterola Aranburu, Maialen Arteaga Gonzalez, Aner Peritz Manterola, Netsanet Iriart Xarriton, Aimar Jusue Rosano, Iruri Altzerreka Martinez, Lide Crespo Zuazua eta Unai Rivera Martinez. Gazteen elkarrizketak osatzeko asmoz, Markos Zapiain eta Shukare Otero adituen irakurketak ere jaso dituzte ikus-entzunezkoetan.

Dokumentalen atalak ikusteko aurrez aurreko estreinaldiak egingo dituzte Euskal Herriko hainbat tokitan. Desiraren inguruko atala urriaren 19an aurkeztuko dute Donostiako San Telmo museoan, sormenari buruzkoa azaroaren bigarren hamabostaldian izango da Tuteran, eta askatasunaren ingurukoa, berriz, Durangoko Azokako Irudienean estreinatuko dute abenduaren 9an. Hiru horietarako zein gainerakoetarako izen-ematea zabaldu dute dagoeneko webgunean eta aurrerapen bideoak ere zintzilikatu dituzte bertan. 

Webgunean bestelako edukia ere izango da ikusgai, hala nola gai bakoitzari buruz artean, dantzan, bertsolaritzan, literaturan eta musikan dauden piezak. Aurrerago pentsamendua, antzerkia eta feminismoa gehitzeko nahia ere azaldu dute proiektuaren bultzatzaileek. Bestalde, sare sozialetan ere zabalduko dute edukia, TwitterTikTokInstagram eta Youtuben.