Gazteen hausnarketak bildu dituzte Geruzak proiektuaren hiru ikus-entzunezko berritan

Gazteen hausnarketak bildu dituzte Geruzak proiektuaren hiru ikus-entzunezko berritan Maitasunaren eta edertasunaren inguruko atalak geruzak.eus webgunean ikus daitezke. Etorkizunari buruzkoa ostegunean estreinatuko dute Errenterian. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gazteen-hausnarketak-bildu-dituzte-geruzak-proiektuaren-hiru-ikus-entzunezko-berritan/@@download/image/GERUZAK_3_TALDEA_D.jpg
2023/11/14
Maitasunaren eta edertasunaren inguruko atalak geruzak.eus webgunean ikus daitezke. Etorkizunari buruzkoa ostegunean estreinatuko dute Errenterian.
Gazteen hausnarketak bildu dituzte Geruzak proiektuaren hiru ikus-entzunezko berritan

Bueltan da Jakin Fundazioak eta Elkar argitaletxeak bultzatutako Geruzak proiektua, gazteen kezka eta galderetatik abiatuta gogoeta kritikoa pizteko asmoa duen egitasmoa. Feminismoa, soziolinguistika, kultura eta pentsamendua gazteen artean lantzeko ikus-entzunezko sorta eta webgunea dituzte baliabideak, eta ikus-entzunezko bakoitzak bi elementu osagarri ditu: batetik, eztabaidari bidea egiten jarraitzeko kaiera tematikoak eta, bestetik, gai bakoitzari lotutako kultur sorkuntzen erreferentzia sorta. Gazteek euren intereseko gaien inguruan euskaraz gogoeta egiteko eta partekatzeko plaza izan nahi du proiektuak.

Sei gai landu zituzten joan den ikasturtean, eta orain hiru atal berri egin dituzte. Lau gazte hauek parte hartu dute: Julene Susana Samuel Ipua, Maialen Imaz Balza de Vallejo, Maren Duran Lema eta Mikelsa Etxebarria Lafuente. Gai bakoitzarekin hainbat galdera egiten zaizkie gazteei. Bestalde, gai bakoitzari dagozkien erreferentzia zerrendak ere bildu dituzte webgunean. Arteari dagokion atala Hariak taldeak osatu du; bertsolaritzarena, Uxue Alberdi Estibaritzek; dantzarena, Jon Maya Seinek; literaturarena, Castillo Suarez Garciak; musikarena, Olatz Salvador Zalduak; eta, antzerkiarena, Arantxa Hirigoienek.

Maitasuna eta Edertasuna atalak webgunean daude ikusgai jada. Etorkizuna izenekoa, berriz, ostegunean, hilaren 16an, estreinatuko dute Errenteriako Badalab-en, 19:00etan. Hainbat galderaren inguruan hausnartuko dute gazteek:  "Zer da etorkizuna zuretzat? Etorkizunean pentsatzen al duzu? Nola irudikatzen duzu? Etorkizunean ez sinesteko arrazoiak zein dira? Eta etorkizunean itxaropena, konfiantza eta poza sentitzeko arrazoiak? Eta, gaur zer egingo dugu etorkizun hobe baten alde?". Errenteriako emanaldiaren ondoren, lau gazte protagonistekin solasaldi bat egingo da. Bertaratzeko gonbita egin dute antolatzaileek eta hemen eman daiteke izena.