Gazteen euskarazko ahozko jarduna nolakoa den aztertzeko mintegia antolatu dute Iruñean

Gazteen euskarazko ahozko jarduna nolakoa den aztertzeko mintegia antolatu dute Iruñean Irailaren 28an izango da, Kondestablearen jauregian, eta aldez aurretik eman behar da izena. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gazteen-euskarazko-ahozko-jarduna-nolakoa-den-aztertzeko-mintegia-antolatu-dute-irunean/@@download/image/IMG-20220916-WA0007.jpg
2022/09/20

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Irailaren 28an izango da, Kondestablearen jauregian, eta aldez aurretik eman behar da izena.
Gazteen euskarazko ahozko jarduna nolakoa den aztertzeko mintegia antolatu dute Iruñean

Iruñeko Komunikabideak Fundazioak eta Euskaltzaindiak Euskarazko ahozko jarduna Nafarroako gaztetxoen artean: egoera eta aukera berriak jardunaldia egingo dute Iruñean hilaren 28an, Kondestable jauregiko hitzaldi aretoan. Egitasmo honen bidez, zenbait iritzi eta ikuspegi biltzen dituen bilgune bat eskaini nahi dute, hausnartzeko, esperientziak trukatzeko, eta elkarlanean aritzeko; era berean, 8-12 urteko gaztetxoen euskarazko ahozko jarduna hobetu, eta, bide batez, etorkizunean abian jar daitezkeen ekimenak ere irudikatzea dute xede.

"Nafarroako 8 eta 12 urte arteko gaztetxo askok euskara bereganatzen dute familiaren edota hezkuntza sistemaren bidez. Urteak bete ahala, ordea, badirudi, erdarek gero eta toki handiagoa hartzen dutela gaztetxo horien ahozko harreman formaletan nahiz informaletan. Noiz gertatzen da aldaketa hori? Zergatik? Nolakoa da gaztetxo horien euskarazko ahozko jarduna? Zein hutsune daude arlo horretan? Zein baliabide ditugu euskarazko ahozko jarduna hobetzeko ikasgeletan? Eta ikasgelatik kanpo, aisialdi antolatuan, kirol-jardueretan...?", azaldu dute antolatzaileek.  

Sagrario Aleman Euskaltzaindiko Jagon saileko Sustapen batzordeko buruaren arabera, "Euskal Herri osoan badago kezka handia; eskolak bakarrik euskal hiztunak sortzen ote dituen. Oinez, ibiliz ikasten da eta euskal hiztunak eremu guztietan euskaraz arituz lortzen dira”. Gazteei entzuteko asmoa dutela jakinarazi dute, "10, 11, 12 urte zituztenean euskararekiko harremana nola bizi izan zuten jakiteko".

Honako hauek hartuko dute parte mintegian: Yolanda Olasagarre (EIBZko irakaslea Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Euskara Atalean); Helena Baraibar (Nafarroako Ikastolen Elkartea); Yolanda Arrieta (idazlea, irakaslea); Roberto Gomez Zorrilla (Ardoi Pilota Eskola); Esther Lakasta (Dindaia Fundazioa); Leire Barberena (Nafarroako Bertsozale Elkartea); Ander Barandiaran (Topagunea); eta Iturrama institutuko ikasleak.

Mintegia goizeko bederatzietan hasiko da eta ordu bietan bukatu. Parte hartu nahi dutenek aurrez eman beharko dute izena, irailaren 26a baino lehen, esteka honetan, 948223471 telefono zenbakira deituz, edo nafarroaordez@euskaltzaindia.eus helbide elektronikora idatzita.