Gazteen enplegu duina sustatzeko bideoak nahi ditu EGKk

Gazteen enplegu duina sustatzeko bideoak nahi ditu EGKk https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gazteen-enplegu-duina-sustatzeko-bideoak-nahi-ditu-egkk/@@download/image/recacciona_1393835686.jpg
2014/03/03
berria
Gazteen enplegu duina sustatzeko bideoak nahi ditu EGKk
EGK Euskal Gazteriaren Kontseiluak urtero antolatzen duen RECacciona bideo lehiaketak gazteen enplegu duina izango du aztergai aurtengoan, eta horregatik, berau sustatzen duten bideoak bildu nahi dituzte antolatzaileek. Epea maiatzaren 30era bitarte izango da zabalik, eta irabazleak 1.000 euroko saria jasoko du.


"Zergatik dute horren soldata eskasa gazteei zuzenduriko enpleguek? Zergatik ezartzen dizkigute horren froga-epe luzeak? Zergatik kontratu laburrak edo atzerrira bidaltzen gaituztenak? Zergatik dute eskaintza gehienek praktika edota beka aurrizkia? Gazte zaren aldetik, enplegu duin bat izateko aukerarik ez duzula sentitzen duzu?"

Galdera horiek mahai gainean jarri ditu EGKk aurtengo RECacciona bideo lehiaketa aurkezterako orduan, eta horren aurrean, gazteon enplegu duina sustatzeak duen garrantzia azpimarratzen duten lanak eskatu dituzte, indarrak batu asmoz. Gazteon lan errealitatea, eskaintzen zaizkigun enplegu motak, instituzioek auzi honen inguruan hartu dituzten neurriekiko dugun iritzia, baldintzak aldatzeko hartu beharreko neurriak… eta beste hainbat ideia landu ditzakezue, beraz, zuen lanetan.

Lehiaketa
Lehiaketa 18-30 urte bitarteko gazteei zuzendurik dago, eta gutxienez bi lagun bildu beharko dira gehienez ere lau minutuko iraupena duten bideoak osatzeko. Lana amaitutakoan, YouTube plataformara igotzea izango da lehen urratsa; ondoren, lotura kopiatu eta izen-emate orria bete, gainerako datuekin batera. Berau komunika@egk.org helbidera bidali beharko da maiatzaren 30a baino lehen, eta bideoa bera DVD euskarrian helarazi behar da EGKren edozein egoitzatara.

Ikusleek lan onenaren alde bozkatzeko aukera izango dute ekainaren 20ra bitarte, eta azkenik, ekainaren 30ean, irabazleen izenak jakinaraziko dituzte sari banaketa ekitaldian. Bideorik onenak 1.000 euroko saria jasoko du, publikoak aukeratutako lanak, ostera, 400 euroko saria, eta ikusleetako batek 50 euro eskuratuko ditu bidezko merkataritzan edo merkataritza ekologikoko saltoki batean gastatzeko.

Lehen bi sarien kasuan, dena den, ezinbestekoa izango da diru-saria enplegu mailako ideia eta planak aurrera ateratzeko baliatzea, edota enplegu duinaren sustapenarekin zerikusia duen proiekturen batera bideratzea.