Gazteen aisialdirako hemeretzi jarduera antolatu ditu Bilboko Udalak Aste Santurako
Bilboko Udalak #GazteKLUBA Aste Santua 2023 jarri du martxan, 12 eta 17 urte bitarteko gazteentzako aisialdi programa, eta hemeretzi jarduera eta 440 plaza eskainiko ditu. Programa hau Aste Santuko eskolako oporraldirako izango da, jaiegunetan izan ezik. Askotariko ekintzak antolatu dituzte: irteerak, kirol-jarduerak, arte-tailerrak eta teknologia-tailerrak, eta japoniar kulturaren inguruko aste bat.
Irteerei dagokienez, honako hauek izango dituzte aukeran: El Pobal burdinola eta Sopuerta Abentura, apirilaren 4an; tirolinak Otxandion, apirilaren 5ean; Urdaibaiko Ekoetxea eta kanoa-ibilaldia Laidan, apirilaren 12an; eta On Gravity, apirilaren 14an.
Kirol jarduera ugari egiteko moduan izango dira gazteak: piraguan ibiltzea itsasadarrean, apirilaren 3an; Big Sup itsasadarrean, apirilaren 5ean; norberaren burua defendatzen ikasteko saioa, apirilaren 5ean; Afrodance, apirilaren 14an; eta Air Hockey lehiaketa, apirilaren 15ean.
Hainbat tailerretan ere parte hartu ahal izango da, hala nola tote bag edo oihalezko poltsen ingurukoa, apirilaren 3an; pirografia, apirilaren 3an; zeramika, apirilaren 4an; eta DJ tailerra, apirilaren 11n.
Errobot-besoak programatzeko eta 3D diseinua eta inprimaketa lantzeko aste teknologikoa ere izango da, apirilaren 11tik 14ra. Azkenik, Japoniarekin loturiko astea ere egingo dute apirilaren 11tik 15era. Honako jarduerak egingo dituzte: origamia, japoniar postreak, kaligrafia eta zigilua, Japan Bags eta japoniar sukaldaritza.
Ekintzetan leku mugatuak daude eta, beraz, parte hartu nahi duten gazteek martxoaren 8ra bitarte eman ahalko dute izena, edozein jardueratan, Bilbao Gazte udal webgunean. Bilboko Udalak jakinarazi duenez, beharrezkoa da #GazteKLUBA Txartela edukitzea; doakoa da eta webguneren bidez eskura daiteke.
