Gazteek aisialdian euskara erabiltzea helburu duen 'Harrapazank' programa antolatu dute Bilbon

Gazteek aisialdian euskara erabiltzea helburu duen 'Harrapazank' programa antolatu dute Bilbon Mota askotariko aurrez aurreko tailerrez gain, talentu lehiaketa, bideo-joko txapelketa eta online lantegiak ere izango dira. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gazteek-aisialdian-euskara-erabiltzea-helburu-duen-harrapazank-programa-antolatu-dute-beste-behin-bilbon/@@download/image/harrapazank albiste.jpg
2022/02/03

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Mota askotariko aurrez aurreko tailerrez gain, talentu lehiaketa, bideo-joko txapelketa eta online lantegiak ere izango dira.
Gazteek aisialdian euskara erabiltzea helburu duen 'Harrapazank' programa antolatu dute Bilbon

Bilboko Udalak euskarazko gazte-aisialdiko Harrapazank programa abiatu du aurten ere,  Euskaltzaleen Topagunearekin elkarlanean, Harrapatu zure aukera!  lelopean.  Egitasmoaren helburua 10 eta 18 urte arteko gaztetxoek aisialdiko jardueretan euskara ezagutu eta erabiltzea da, eta, era horretan, beren guneetan eta denbora librean euskararen aldeko motibazioa eta erabilera indartzea. Horretaz gain, balioak ere lantzen dituzte, hala nola berdintasuna, inklusioa, dibertsitatea edota osasuna.

Hamasei ekintza "erakargarri" prestatu dituzte gazteentzat, martxotik ekainera bitarteko ostiral arratsaldeetarako. Honako jarduerak izango dira egitarauan: akrobazia aereoak, beatbox, antzerki musikala, abestiak idazteko saioak, malabarismo eta ekilibrista jardunak, Tye Die, Argifest eta grafitia. Sarean zintzilikatu dute egitaraua, datak eta ordutegiak zehaztuta. 

Horiez gain, adin tarte horretako Bilboko gazte artista eta sortzaileei zuzendutako Eszena talentu lehiaketa ere antolatu dute. Lehenengo fasean, zuzeneko castingak egingo dituzte, eta lehenengo urratsa igarota, masterclass bat eta tutoretzak izango dira "talentua garatzeko eta lehiaketan ikuskizuna aurkezteko", adituak diren pertsonen laguntzarekin. Epaimahaiak finalistak hautatuko ditu, eta hamar izango dira kategoria bakoitzean: juniorrak, 10 eta 13 urte bitartekoak, eta seniorrak, 14 eta 18 urte bitartekoak.  Banaka edo taldeka parte hartu ahal izango da. Sariak ere izango dira jokoan: 500 eurokoa, 300 eurokoa eta 200 euroko bonu bat, kategoria bakoitzean. Ikusleen saria ere banatuko dute aurten. Lehiaketaren finalak maiatzaren 20an eta 21ean jokatuko dira Bilborock Aretoan.

Bestetik, Klikazank Rocket league bide-jokoan oinarritutako txapelketa ere izango da. Jokalari bat beste baten kontra arituko da partida guztietan. Sailkapenaren hasierako fasea partida bakarrekoa izango da, eta bost minutu iraungo du. Lehiaketa apirila eta maiatza bitartean jokatuko da, eta azken partida zuzeneko finala izango da, Bilborocken, hiru partidetatik onena hautatzeko. 150 eta 50 euroko bonu-sariak izango dira. 

Azkenik, online tailerrak ere izango dira, "edozein lekutan eta unetan gozatzeko" saioak: grafiti, frame to frame, argazki collage, parkour, patinajea, eta tutoretzak mini-pizzak egiten ikasteko. Saioak otsailaren 1etik aurrera ikusi ahal izango dira  harrapazank.eus webgunean.

Aurrez aurreko jardueretan eta lehiaketetan parte hartzeko, ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea ekimenaren webgunean, dagokion atalean sartuta, otsailaren 28ra bitartean.