Gazteei zuzendutako sormen egonaldia egingo da Lekeition
Loraldiak, Gaztea ekimenaren barruan, Udako Olaren bigarren edizioa eskainiko du uztailaren 10etik 15era Lekeition. Udako Ola gazte-sormena pizteko egonaldia da.
Sei eguneko sormen egonaldia 18 eta 29 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago eta sortzaile profesionalen eskutik (Jon Maia, Kukai, JMartina, Mixel Etxekopar eta Jean Kristian Galtxetaburu, Oskar Alegria eta Uxue Alberdiren) ikastaro trinkoak jasotzeko aukera eskainiko diete gazteei. Gai ugari jorratuko dira sortzaileekin batera. Profesionalek eskainiko dituzten saio horietan gazteek aukera izango dute kultur-erreferenteak zuzenean ezagutzeko, transmisioa lantzeko eta bakoitzaren alor zehatzaren inguruko edukiak jasotzeko. Aldi berean, gazteek euren sormena bideratzeko aukera izango dute eta azken egunean Lekeitioko herriaren aurrean erakutsiko dute emaitza, Olatz Gorrotxategik zuzenduta.
Udako Olaren helburuak transmisioa lantzea, sormena sustatzea eta bide propioa egiteko sormen gune berri baten proposamena dira. Sormen egonaldi hau sekulako aukera da gure kultur garaikidean sakontzeko.
Ez da esperientziarik eskatzen, ezagutza gogoa baino ez. Edozein gaztek parte hartzeko aukera du beraz, udan, herri eder batean eta lehen mailako sortzaileen laguntzaz.
Izena emateko epea zabalik dago hemen.