Gazteei zuzendutako komunikazio udaleku irekiak

Gazteei zuzendutako komunikazio udaleku irekiak DBH 4 eta Batxilergoko lehen mailako gazteentzat antolatu dituzte eta Aretxabaletan egingo dira uztailean. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gazteei-zuzendutako-komunikazio-udaleku-irekiak/@@download/image/udalekubi.jpg
2021/05/14

Maitane Legarreta Etxezarreta

DBH 4 eta Batxilergoko lehen mailako gazteentzat antolatu dituzte eta Aretxabaletan egingo dira uztailean.
Gazteei zuzendutako komunikazio udaleku irekiak

Komunikazioaren mundua gustuko duten gaztetxoek euren zaletasuna eta aisialdia bateratzeko aukera izango dute uztailean Aretxabaletan. Izan ere, komunikazio udaleku irekietan parte hartuko duten DBH4 eta Batxilergoko lehen urteko ikasleek, gozagarri izango diren jarduera teoriko-praktikoen bidez hainbat kontu ikasiko dituzte: kamera aurrean nola jarri, fotokazetaritza, youtuber izateko gakoak, podcastak nola egin, benetako albisteak eta faltsuak nola identifikatu… Horretarako, Mondragon Unibertsitateko Aretxabaletako Komunikazio Campuseko baliabideak erabiliko dira: telebista-platoa, ordenagailuak eta beharrezko izango duten bestelako materiala. 

Mondragon Unibertsitateko irakasleak eta Goienako profesionalak izango dituzte gidari. Eurez gain, landuko dituzten gaietan arituak direnek ere emango dituzte eskolak: Aiora Mujika youtuberrak; Ainhoa Vitoria komunikatzaile eta Gaztea irratiko esatariak; eta Goiena Komunikazio Taldeko Xabier Urzelaik, telefono adimendunekin ekoiztutako ikus-entzunezkoen edukietan adituak. 

Bi txanda egingo dituzte: lehena, uztailaren 5etik 9ra, eta, bigarrena, uztailaren 12tik 19ra. Udalekuak goizez izango dira, 09:00etatik 13:30era, eta astebeteko iraupena izango dute. 

Izena emateko epea zabalik dago ekainaren 18ra arte, eta prezioa 125 eurokoa da. Plaza mugatuak izango dira; txanda bakoitzean, gehienez ere, 25 lagun elkartuko dira, eta izena eman ahala beteko dira. 

Komunikazio udalekuaren antolatzaileak Mondragon Unibertsitateko Komunikazio gradua eta Goiena Komunikazio Taldea dira.