Gazteei zuzendutako euskal kulturaren transmisiorako tailerren programa antolatu dute Loraldiak eta EHU-k

Gazteei zuzendutako euskal kulturaren transmisiorako tailerren programa antolatu dute Loraldiak eta EHU-k 16-29 urte bitarteko gazteentzat izango da, hilean behin, larunbatetan. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gazteei-zuzendutako-euskal-kulturaren-transmisiorako-tailerren-programa-antolatu-dute-loraldiak-eta-ehu-k/@@download/image/patxo-telleria-amaia-ocerin-eta-gorka-moreno-dest-web.jpg
2023/01/26

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Argazkia: Tere Ormazabal. EHU

16-29 urte bitarteko gazteentzat izango da, hilean behin, larunbatetan.
Gazteei zuzendutako euskal kulturaren transmisiorako tailerren programa antolatu dute Loraldiak eta EHU-k

Loraldiak Gaztea ekimenari ekin zion duela urtebete, gazte-sormena sustatu, gazteei profesionalizatzeko bidean lagundu, formazioa eta plaza eskaini, kultur eta diziplina aniztasuna sustatu, sormen-egonaldiak eskaini eta gazteen harremanak euskaraz sustatzeko. Lehen ekimena aurreko udan garatutako Udako Ola izan zen, gazte sortzaileei zuzendutako sormen egonaldia. Orain, EHUrekin bat egin eta Sormen Ola programa sortu dute.

Sormen Ola 16-29 urte bitarteko gazteei zuzendutako euskal kulturaren transmisiorako tailer-programa da. Hilean behin izango da, urtarriletik maiatzera, larunbat goizetan. Ikastaro trinkoa izango da eta EHUko Bizkaia Aretoan egingo dituzte tailer guztiak.

Gaiak monografikoak izango dira eta sormenaren hainbat alor landuko dituzte: dantza, musika, arte eszenikoak, literatura, ikus-entzunezkoak eta hitzak eta irudiak. Honako hauek emango dituzte saioak, bestek beste: Jon Maya, Patxo Telleria, Joseba Sarrionandia, Paul Urkijo eta Miren Amuriza.

EHUkulturaren ekimenez, Bizkaiko campuseko ikasleentzat doakoa izango da. Beste parte hartzaileentzat hamabost euroko kostua izango du saio bakoitzak.