Gazteei zuzendutako 'Ahots baten' sormen egonaldiak egingo dituzte Amaiurren
Euskal Herriko gazte sortzaileen arteko harreman sareak egin eta esperimentaziorako gunea eskaintzea du helburu Ahots baten sormen egonaldiak. Adierazpide ezberdinetako sortzaileak joango dira bisitan, gazteekin harremana egin eta emankizuna eskaintzera. Ainhoa Artetxe aktorea, Iñigo Astiz poeta, eta Paxkal Irigoien eta Maia Iribarne-Olhagarai abeslariak bertaratuko dira. Gainera, urriaren 29an Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurreko saioa ikustera joango dira Donibane Garazira eta Amaia Castorene gai-jartzailea izango dute bisitari.
Urriaren 29tik azaroaren 1era izango da egonaldia, Amaiurko aterpean, Nafarroan. Aldez aurretik eman behar da izena, galdetegia betez, urriaren 20ra arteko epean. Jakinarazi dutenez, izen-emate hurrenkeraren arabera beteko dira egonaldiko lekuak. Egonaldiaren prezioa ehun eurokoa izango da.
Ekimen honen 8. edizioa izango da aurtengoa eta orain arte Bertsozale Elkarteak gidatu badu ere, Mintzola Ahozko Lantegiaren baitan, hemendik aurrera Euskaltzaindiak hartuko du ardura, Bertsozale Elkartearen laguntzarekin.