Gaztealdia: baietz zortzi egunez euskara hutsean aritu?

Iruñea, Tutera, Lasarte-Oria, Sodupe, Plentzia, Zornotza, Bilbo, Donibane Lohizune eta Urepeleko bederatzi gaztek erronka bereziari ekin diote; gaurtik aurrera eta jarraian datozen zortzi egunetan euskara hutsean arituko dira. Erronkari Gaztealdia izena jarri diote, eta Euskaraz biziko gara lelopean, azaroaren 19ra arte euskaraz bizitzen saiatuko dira.
Euskal Herriko txoko ezberdinetakoak dira esperimentuan parte hartuko duten gazteak, hain zuzen, eremu geografiko bakoitzeko errealitate soziolinguistikoan haietako bakoitza nola moldatzen den aztertzeko. Lutxo Egia idazlearen Trantsitoak performancea izan da gazte hauen inspirazio iturria; hain zuzen, Egia zortzi astez aritu zen euskara hutsean, Bilbon.
Ekimenak euskararen erabilera determinatzen duten faktoreak identifikatzea eta ikustaraztea du helburu eta horien inguruan hausnartzea. Bestalde, gazteek euskaraz bizitzeko hautua egitea ere bultzatu nahi dute. Jarraian, Gaztealdia abian jarri dutenen manifestua irakurri dezakezue.