Gazteak al gara?

Gazteak al gara? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gazteak-al-gara/@@download/image/27p23-1_1369675086.jpg
2003/02/07
erreportajea
Ainhoa Irazu
Gazte gara gazte. Ala ez? Gaztetasunaren ezaugarriak eta mugak askotan izan dira hizpide, eta gaur egun ere hala dira. Zer da gazte izatea? Noiz uzten diogu gazte izateari? Galderok erantzuten saiatu gara erreportaje honetan.

Gaztetasunari adina ezartzen diote erakundeek, baina haiek ere ez daude ados muga hori jartzerakoan. Esaterako, Nafarroan, elkarte bat "gazte elkarte" izan dadin, 14 eta 30 urte bitartean izan behar dituzte bertako partaideek. EAEn, berriz, Gazte Txartela eskuratzeko, beharrezkoa da 16 eta 25 urte bitartekoa izatea. Aldiz, gazteentzako babes ofizialeko etxebizitzak lortu ahal izateko 18 eta 35 bitarte izan behar dira. Hau nahasmena!

Erakundeak saiatu arren, gaztetasunari adin muga jartzea zaila da. "Guk 14-30 urte bitarteko lagun oro jotzen dugu gaztetzat, baina sailkatze ofizialetatik kanpora, gaztetasunak ez du iraupen datarik", esan digu Nafarroako Gobernuko Gazteria Saileko teknikari Jesus Beitiak. Teknikari horren arabera, gazte izatea adin kontua baino jarrera kontua da. "Gazte izatea konformagaitza eta dinamikoa izatea da: gauzak aldatzeko borondatea izatea, alegia. Teorikoki, erantzukinak gainean hartzen direnean amaitzen da gaztaroa: familia osatzerakoan, adibidez. Dena dela, praktikan espiritu kontua da", dio Beitiak.

Heldutasunerako bidean
Antropologoen arabera, adinak, eta baita gizonezkoa ala emakumezkoa izateak ere, pertsona bakoitzak gizarte hierarkian zein rol bete behar duen finkatzen du.  

Afrikako tribuetan argi eta garbi bereizten dituzte haurtzaroa, gaztaroa, heldutasuna eta zahartzaroa. Adin multzo bakoitzak toki jakin bat du tribuaren antolaketan eta multzo batetik bestera igarotzeko, sarbide errituak egin ohi dira.
Gizarte industrializatuetara etorrita, adin multzoen arteko muga ez da hain argia, batik bat gaztaroaren eta heldutasunaren artean. "Garai batean prozesu logiko bat zegoen: gazteak lanean hasten ziren; gero, bikotekidea aurkitzen zuten eta azkenik, familia osatzen zuten. Gizonentzako heldutasunerako sarbide erritu nagusia soldaduska zen. Pertsonak familia osatzeko eta baliabide ekonomikoak beren gain hartzeko gai zirenean, heldutzat jotzen ziren. Gaur egun, ordea, prozesu hori zeharo aldrebestu da", dio Patxi Agiriano Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Saileko teknikariak.

Gazteak eta libertoak

Agirianoren iritziz, testuinguruak berak eragin du prozesua aldrebestea. "Lan munduan prekarietatea da nagusi. Beraz, zaila da gazte batek egonkortasun ekonomikoa lortzea. Bestalde, jendeak gero eta beranduago osatzen du familia".

Gazteek gizartean duten tokiari buruz galdetuta, berriz, Agiriano zorrotza da. "Erromatarren garaiko libertoekin alderatuko nituzke gazteak. Garai hartan, hiru mailako pertsonak bereizten ziren: esklabuak, hiritarrak eta libertoak. Libertoak askatasuna eskuratutako esklabuak ziren, baina, hala ere, ez zuten agintean inolako parte hartzerik".

Gaztetasunak kontsumo gizartean duen erakargarritasunaz ere mintzatu zaigu Agiriano. "Gaztetasuna kontsumorako elementu garrantzitsua da, eta ezaugarri batzuk nabarmentzen dira, teorian balore positiboak direnak: aldatzeko eta ikasteko gogoa, kemena… Dena dela, ezaugarriok ezin dira soilik gazteekin lotu. Nire ustez, egun gazte izatea ez da abantaila. Gazteek indar gutxi dute gizartean eta etorkizun beltza dute", dio. Destino petrala, beraz, gazteona.


Iritzia, Pako Aristi. Idazlea



“Gaztetasuna pentsamoldearen borroka da, urteen aurkakoa. Askotan esan izan da gazteen pentsamoldea aurrerakoia dela eta zaharrena, atzerakoia. Gure garaian, gazteek gehiago protesta egiten zuten egun baino. Egungo gazteak makurtu egin dira. Beraz, gero eta zaharragoak dira. Aldiz, zahar asko haiek baino gazteagoak dira”.

Iritzia, Mailen Lujanbio. Bertsolaria.



“Oso zaila iruditzen zait gazte izatea zer den definitzea. Nire ustez, gazte sentitzen ez den bati egin beharko litzaioke galdera hori, izan ere, ni beti gazte sentitu naiz, eta ezin dut esan zein faktorek eragiten duten gazte sentitze hori. Perspektiba falta zait”. 

Iritzia, Ilaski Serrano. EITBko aurkezlea



“Gazte izatea eta, batez ere, gazte sentitzea sentimendu kontua da, adin kontua baino. Bizitza osoa aurretik dugula sentitzea, gauza asko egiteko ditugula sentitzea, maitatzeko gogoa izatea, ondo pasatzeko gogoa izatea, gehiegikeriak salatzeko indarrarekin sentitzea…hori guztia litzateke gazte izatea. Eta espero dut muga inoiz ez aurkitzea!”.


Iritzia, Hur Gorostiaga. Euskal Herriko Gazeta egunkariko zuzendaria.



“Gazte izatea egiten den guztian mugarik ez jartzea da, dena posible dela uste izatea. Alderantziz denean, zahartzen ari zarela seinale. Denborak eta esperientziak ikustarazten dizkigute mugak”.

Adin kontuak


Victor Hugo, idazlea: Gaztearen begietan garra ikus daiteke. Zaharrenetan, argia”.Charles Chaplin, zinegilea: Gazte mantentzeko, gazteekin bizi behar da, baina ez haiek bezala”.
Simone de Beauvoir, idazlea: Zer da heldu bat? Adinez puztutako haur bat”.
Arthur Schopenhauer, filosofoa: Urteek azala zimurtzen dute, baina ilusio ezak arima”.
Andre Maurois, idazlea: “Zahartzearen artea itxaropena izatearen artea da”.
Salvador Dali, pintorea: “Pertsona askok ez dituzte 80 urte betetzen, 40 urteko adinari eutsi nahi izan diotelako”.
Oliver W. Holmes, idazlea: Gazteek arauak ezagutzen dituzte; zaharrek, salbuespenak”.