Gaztea Sarietarako botoa emateko epea zabaldu dute
Gazteak aurtengo Gaztea Sarietako bozketa fasea jarri du martxan webgunean, eta kategoria bakoitzeko artista gustukoenari botoa emateko aukera dago bertan, otsailaren 22ra bitarte.
Kategoria bakoitzean bost artista edo talde izendatu dituzte. Talde edo bakarlari onenaren kategorian honako hauen artean aukera daiteke: ETS, IZARO, ZETAK, Verde Prato eta Bulego. Artista edo talde berri onenaren atalean, berriz, J Martina, Merina Gris, Olaia Inziarte, Bengo eta Txopet daude.
Disko onenaren kategorian, honako hauek izendatu dituzte: Zea Maysen Adore, Kemena, Kuraia; Olaia Inziarteren Lehengo lepotikan burua; Merina Grisen Zerua Orain; Willis Drummonden Hala ere; eta Vulken Vulk Ez Da.
Abesti onenaren saria jasotzeko hautagaien artean J Martinaren Amore, ETSren Abuela maitea, Olaia Inziarte eta Olatz Salvadorren Behe klasekoak, Bulego eta Marenen Ezer ez da berdina eta ZETAK eta Erramun Martikorenaren Itzulera daude.

Zuzeneko onenaren kategorian, hauek dira bost hautagaiak: Dupla, IZARO, Chill Mafia, Neomak eta Gatibu. Bideoklip onenak ere jasoko du saria eta hauetako bat izango da: Zea Maysen Corazón de tango, Ezpalaken Kontran, HOFE X 4:40ren Handia, Huntzaren Odoletan eta Olatz Salvadorren Eraman nazazu.
Azkenik, zale gehien mugitzen dituen artistak ere sarituko dituzte, 'fandom onenaren' garaikurrarekin. Hauek dira izendatuak: Chill Mafia, Bulego, ETS, IZARO eta ZETAK.
Gaztea Sariak ekitaldia
Martxoaren 2an egingo dute sari banaketa, 19:30etik aurrera, Bilboko Euskalduna Jauregiko Urban Hall espazioan. Garaikurrak banatzeaz gain, ETS eta Süne, Sua, Neomak eta Merina Gris taldeen zuzenekoak ere izango dira. Gaua borobiltzeko, Bulego taldearen kontzertu berezia egongo da.
Euskaldunara joaterik ez duenak, 2023ko Gaztea saria ekitaldia streaming bidez jarraitu ahal izango du Gaztearen YouTube kanalean eta baita irrati bidez ere.
