Gaztea Cover lehiaketaren finala zuzenean ikusi ahal izango da gaur gauean ETB1-en

Gaztea Cover lehiaketaren finala zuzenean ikusi ahal izango da gaur gauean ETB1-en Julen Telleriak aurkeztuta, Umami, Danel Sarasua, IVP taldea, Unai Cantabrana, Krusak eta Uxue Kerejeta arituko dira oholtza gainean. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gaztea-cover-lehiaketaren-finala-zuzenean-ikusi-ahal-izango-da-gaur-gauean-etb1en/@@download/image/gaztea cover.png
2022/06/14

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Julen Telleriak aurkeztuta, Umami, Danel Sarasua, IVP taldea, Unai Cantabrana, Krusak eta Uxue Kerejeta arituko dira oholtza gainean.
Gaztea Cover lehiaketaren finala zuzenean ikusi ahal izango da gaur gauean ETB1-en

Gaztea Cover lehiaketako finala jokatuko da gaur gaueko 22:30ean, eta zuzenean jarraitzeko aukera izango da ETB1en eta eitb.eus-en. Julen Telleriak gidatuko du saioa, eta sei musikari arituko dira lehian Donostiako Miramongo estudioetan jokatuko den finalean.

Gasteizko Umami taldea Compay Segundo kubatarraren Chan Chan kantuarekin arituko da. Danel Sarasua aretxabaletarrak Bulego taldearen Ezer ez da berdin kantua eskainiko du. Bilboko IVP taldeak Sandro Giacobbere italiarraren El jardín prohibido kantua joko du, eta Elgetako Unai Cantabranak, berriz, Harry Styles musikari ezagunaren Golden abestia. Bilboko Krusak taldeak Rigoberta Bandini bartzelonarraren Ay mamá -ren euskarazko bertsioa eskainiko du, eta Zumarragako Uxue Kerejetak Xabi Bandini eta Chica Sobresaltoren Zalantza eta egia. Sei finalisten artetik bi sailkatuko dira superfinala jokatzeko, eta sailkatuek beste kantu bana abestu beharko dute.

Epaimahai lanetan Ainhoa Arroitajauregi, iazko Gaztea Cover lehiaketako irabazlea, eta Leire Leturia eta Chica Sobresalto musikariak arituko dira. Ane Lindane eta Julen Portillok finala girotuko dute, umore pixka batekin. Gainera, lehen avatar covergile euskaldunaren bisita izango dute lehiaketan zehar.
 
Epaimahaiaren sariaren irabazleak 2.000 euro lortuko ditu eta entzuleen sariaren irabazleak, aldiz, 1.000 euro, musika-material profesionala erosteko. Ikus-entzuleek euren talde edo abeslari gustukoenen aldeko botoa emateko aukera izango dute eitb.eus-en.
 
Musikari hasiberriak ezagutu eta horiei ateak zabaltzeko asmoz jarri zuten abian lehiaketa joan den urtean. Aurten 120 cover jaso dituzte eta horietatik hogei sailkatu dira finalerdietarako. Gaurko finalean erabakiko da sei parte-hartzaileetatik nork irabaziko duen.