Gaztea Cover lehiaketan parte hartzeko epea zabalik da
Gaztea Cover lehiaketaren bigarren edizioa martxan da eta etxean, lokalean, kalean edo bestelako edozein txokotan grabatutako abesti ezagunen bertsioak jasoko dituzte. Musikari hasiberriak ezagutu eta horiei ateak zabaltzea da lehiaketaren helburu nagusia.
16 urtetik gorako herritarrek parte har dezakete, bakarka zein lagunekin, eta edozein hizkuntzatan abes daiteke. Parte-hartzaile bakoitzak, gehienez, hiru lan bidal ditzake. Talentu berriak bilatu nahi dituztenez, musikari profesionalen lanak zein disko bat baino gehiago kaleratu duten artistenak lehiatik kanpo geldituko dira.
Edozein abesti aukeratu daitekeen arren, kantatzea ezinbestekoa izango da. Edozein musika-tresna edo baliabide elektroniko erabil daiteke bertsioak egiteko orduan. Bideoaren errealizazioa, berriz, librea izango da, baina, gutxienez, minutu bateko iraupena izan beharko du. Bideoa horizontalean grabatu eta igo beharko da. Soinuak eta irudiak ez dute zertan profesionalak izan, baina ahalik eta txukunen grabatzea komeni da. Bertsioak lehiaketarako propio sortutakoa izan behar du, ez dira onartuko beste lehiaketa batzuetara aurkeztutako lanak.
Abestiaren bertsioa grabatu eta Instagram, Twitter edo YouTubera igo behar da, #gazteacover traola erabilita. Jarraian, Gaztearen webgunean sartu eta izena emateko orria bete beharko da. Martxoaren 31n amaituko da epea eta, ondoren, Gazteak lehen aukeraketa egingo du. Apirilaren 5etik 12ra, aukeratuen zerrenda webgunean publikatu eta bozketa fasea abiatuko dute. Astebete izango dute erabiltzaileek bertsioen bideoak ikusi eta gustukoenaren aldeko botoa emateko. Bozketa horretatik lau izen aterako dira. Epaimahaiak beste hamasei bertsio aukeratuko ditu, eta, orotara, hogei kide lehiatuko dira finalaurrekoetan. Finalaurrekoak maiatzaren 31n eta ekainaren 7an izango dira, ETB1en eta Gaztearen webgunean. Epaimahaikideek sei lehiakide aukeratuko dituzte final handirako, hiru finalaurreko bakoitzetik.
Finala ekainean
Lehiaketaren finala ekainaren 14an izango da, zuzenean, ETB1en eta Gaztearen webgunean. Bertan, sei finalistek zuzenean abestuko dituzte beren bertsioak. Epaimahaiak erabakiko du nork irabaziko duen 2022ko Gaztea Cover lehiaketa, baina ikus-entzuleek gustuko artistaren aldeko botoa emateko aukera izango dute emanaldiak irauten duen bitartean. Hortik aterako da publikoaren sariaren irabazlea.
Epaimahaiaren sariaren irabazleak 2.000 euroko txekea jasoko du musika material profesionala saltzen duen Txirula dendan erabiltzeko. Publikoaren bozka gehien jasotako lehiakideak 1.000 euro gastatu ahal izango ditu
Iaz ia 200 abesti
Joan den urtean izan zen lehiaketaren lehen edizioa, eta ia 200 abesti jaso zituzten. Ainhoa Arroitajauregik irabazi zuen lehiaketa, eta Maria Izagak lortu zuen publikoaren saria.


