Gazte sortzaileentzako beka deialdia abian da Gasteizen

Joera artistikoak dituzten 17 eta 35 urte arteko gazteei zuzendutako Gazte Sortzaileak bekako edizio berria aurkeztu dute Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak, gazteen artean euskarazko sorkuntza sustatzeko asmoz. Ahozkotasunean oinarritutako sorkuntza sustatu nahi du bereziki.
Beka 17 eta 35 urte arteko Arabako gazteei zuzenduta dago eta bakarka zein taldeka aurkez daiteke. Ideia garatu eta gauzatzeko 4.000 euro arteko laguntza eskaintzen da eta, horrez gain, baita lan egin beharreko eremuko profesional baten tutoretza edo aholkularitza izateko aukera ere. Proiektuak ikus-entzunezko eremuarekin, antzerkiarekin, musikarekin, bertsolaritzarekin, bakarrizketekin, poesiarekin edo performancearekin lotuta egon daitezke.
Proposamenak aurkezteko epea uztailaren 15era arte egongo da zabalik, eta Gasteizko Udaleko Erregistro Orokorrean, gizarte-etxeetako herritarren arretarako bulegoetan edo Udalaren egoitza elektronikoan aurkeztu ahal izango dira.
Iazko edizioan Iker Agirreren Goizetik Neke, Alejandra Buenoren Ezohikoak, eta Aitor Andaren Plazak Plazara ikus-entzunezkoak eta Aitor Vinagreten Kokito eta India ikuskizunak aukeratu zituzten. 2015etik, Arabako hogeita sei gaztek sustatu dituzte beren proiektu artistikoak beka hau baliatuta.