Gazte exhibition centre

Gazte exhibition centre https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gazte-exhibition-centre/@@download/image/58p18-1.jpg
2005/12/02
erreportajea
Gazte exhibition centre
Abenduaren 18an, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finala jokatuko da Barakaldoko Bilbao Exhibition Centre (BEC) aretoan. Txapela jantzi nahi izanez gero, fin ibili beharko dute Maialen Lujanbiok, Andoni Egañak eta enparauek. Txapelketako kanporaketetan, bertsolari gazteek oso maila ona eman dute. Hona hemen gazteek botatako bertso ederretako batzuk.    

LEKUNBERRI (2005-10-09)
Gai-emailea: Mikel Taberna.
Bertsolaria: Amaia Agirre
Lehen puntua emanda
Neurria: zortziko txikia
Doinua: Orain hasi bihagu
M. Taberna:
Soinean daramazu
jantzi dotorea;
A. Agirre:
gaurkoan ekarri det
nahi baino hobea
hemen nahi nukeelako
luzitu doblea
beti bezain eskasa
nago gaur ordea.
M. Taberna:
Ze markatakoa da
zure mozorroa?
A. Agirre:
Zergatik bota dezu
holako orroa?
Nik markekin jazteko
urrun det gogoa
baina hala ta guztiz
ni modara noa.
M. Taberna:
Zenbat gastatu duzu
gaurkoan jazteko?
A. Agirre:
Guztia kontatzerik
ez dezu usteko?
Neretzat gordetzea
ez al da hobeto?
Sekretuak ez dira
hemen esateko.


IDIAZABAL (2005-10-15)
Gai-emailea:
Jon Zaldua
Bertsolariak:
Etxahun
Lekue-Iñaki Gurrutxaga
Gaia:
Ama-alabak zarete. Zu, Etxahun, alaba eta Iñaki ama. Denboraldi luzea darama amak estetika operazioa egin nahi duela esanez. Gaur ispilu aurrean aurkitu duzu bere buruari begira.
Neurria:
hamarreko txikia
Doinua:
Espainian behera
E. Lekue:
Ispiluaren aurrera
ene zenbat txango!
Nik ez dizut esango
dagoenik ondo;
kontsejurik be ez dizut
amatxo emango
baina pentsa ezazu
mesedez lehenengo
sekula ez zarela
nire ahizpa izango. (bis)
I. Gurrutxaga:
Ez dut ahizpa izan nahi
ez dut hau jomuga
beste norantza baten
doakit ardura.
Oroitzen nola ekarri
zintugun mundura?
Dena zen zoriona
ta bizi freskura;
berriz izan nahi nuke
ama eder hura. (bis)
E. Lekue:
Bai, aspaldiko hura
ama polita zen
baina nik gutxiago
ez zaitut maitatzen;
burua galtzera be
ez dakit zoazen:
liftina egin eta
silikona sartzen
zeure burua baino
ez duzu engainatzen. (bis)
I. Gurrutxaga:
Laguntza eskatu nion
ta badakit zeini ;
zentro hortan bizitza
didate eskeini.
Hau ez da kapritxoa
bihurtu zen premi ;
ni gazte sentitzen naiz
ta hala komeni
ta denborak zergatik
engainatzen nau ni? (bis)
E. Lekue:
Hamabost urte dauzkat
hori da naizena;
aspaldi hartu nuen
zure abizena.
Beti nire alboan
egoten zinena
triste nagoenean
alboratzen dena...
horren beharra dut nik
ez panpin batena. (bis)
I. Gurrutxaga:
Zure hitzekin dauzkat
bi begiak urtsu
ia dirade hondo
iluneko putzu.
Nere hau beharra da
eta ez da luxu
baina gauero ematen
badidazu muxu
zerorrek ere asko
gaztetuko nauzu. (bis)


ZORNOTZA (2005-10-16)
Gai-emailea:
Zuriñe Iarritu.
Bertsolariak:
Xabier Paia-Jon Martin
Gaia:
Zuek biok bikotea zarete. Xabi, goxo-goxo zaudetela Jonek joko berri bat proposatu dizu: ohean lotuko zaitu.
Neurria:
zortziko txikia
Doinua:
Dama gazte xarmant bat
X. Paia:
Esplikatu dit eta
a ze atakea!
Jokoa al da hori?
Jaungoiko maitea!
Ohean jarri nahirik
lotuta katea...
hobe adibidea
zu zeu izatea! (bis)
J. Martin:
Nik egin nahiko nuke
ahalegin abila
eta ez zazu sortu
orain iskanbila ;
gure ohean lotu
nahi zaitut mutila
baina joan behar dut soka
gehiagoren bila. (bis)
X. Paia:
Esan, esan ta ez dit
egiten jaramon
jolasak ezin izan
hainbeste gauza on;
begira nabil eta
ezin trankil egon:
kontsoladore hori
zertarako da Jon? (bis)
J. Martin:
Hori zertarako den
zuk ez al dakizu?
Hainbeste asmatu behar
zenuke zuk aizu;
ez diezazula eman
horrenbeste izu
ez du ematen baina
kabituko zaizu! (bis)
X. Paia:
Jada gorritu zaizkit
begi ta matraila
oihuka ikusi zaizkit
hortz eta gangaila;
hori sartzeko baina
badut behar den maila
zurea kabitzea ere
ez zen horren zaila! (bis)
J. Martin:
Tamaina ez badegu
gauzaren laguna
erraminta onena
da goxotasuna;
nahasten ditut sexua
eta maitasuna
soilik egingo dizut
gustatzen zaizuna. (bis)
X. Paia:
Nahiz horrek sortu duen
nire irriparra
gogoeta egin dut
banuen beharra
ta soilik etorri zait
ideia bakarra:
solitarioa ez dela
horren joku txarra. (bis)
J. Martin :
Zu ohean gainean
etzan zaite ahuspez
ta konturatu zaitez
ohea ez haustez;
sokaz lotuko zaitut
nik soka fuertez
gero erabakiko dut
askatu edo ez. (bis)


HENDAIA (2005-11-06)
Gai-emailea: Saroi Jauregi.
Bertsolaria: Unai Iturriaga
Gaia: Pertsona batekin ligatzen ari zara.  Halako batean, hura komunera joan da, eta aldamenetik papertxo bat pasa dizute. Hau jartzen du: "Kontuz! Polizia da".
Neurria: Zortzi puntukoa
Doinua: Baserrian jaio nintzan/Habanera
Joño, hau da hau kolpea!
Nago paperaren pare:
zuri-zuri aurpegia
lotsatu eta herabe.
Pentsatzen nuen gaur izan
behar nuela errege
nere gerria zebilen
mugimenduetan trebe.
Zorigaitzeko disgusto
hori jasota halere
dena ez zait iruditzen
hain triste eta hain grabe.
Komunean zaude baina
ai, neskato zaude, zaude
ez zara joango hemendik
atestatua egin gabe!
Ote da aro berria
edo ote da koiuntura?
Hainbeste aldatu ote da
poliziaren ohitura?
Banekien zaintzen zela
peajea edo muga
baina hain gertu neuzkanik
baneukan barruan duda!
Bueltan etorri da eta
nik eskeini diot ura;
irriparrez begiratu
ta nik erantzun gustura:
"Nola zeuk pasatu duzun
marra, garaia heldu da
ikusteko nork eta zer
sartuko duen barrura".
Pentsatu dut "Ze arraio
goazen behingoz etxera
honek eukiko du-eta
marratxo batzuk jartzera!".
Berak ze arin dioen
"Ohatzera, ohatzera!"
"Itxaron ezazu pixkat
prestatu behar dut zera...
Etxea ondo prestauta
daukat neskato gainera;
zuk ezagutuko duzu
nik daukat kriston bainera.
Horregatik egin zazu
salto uretara aurrera;
behingoz arituko gara
berdinetik berdinera".


MARKINA-XEMEIN (2005-11-12)
Bertsolariak:
Jon Maia-Amets Arzallus
Kartzelako lana
Gaia:
Txirula eta txakurra lagun, herriz herri zabiltzaten bi punki zarete. Leku batean aste pare bat igarota zu, Jon, makutoa hartu eta beste herri batera abiatu zara. Ametsek bizimodu hori utzi egin nahi duela esan dizu.
Neurria:
Sei puntuko motza
Doinua:
Dozena bat bertso berri
J. Maia:
Amets, begiratzen hasi:
ez zaigu joan itsusi
zoriontsuak gera gu gure
patu ta pobrezi;
nere makuto ta guzi
banoa hemendik ihesi
beharrak behar mundu honetan
libre nahi dut bizi. (bis)
A. Arzallus:
Hezur ta eskeletua
kalera eskaletua
baina hau ez da beti gelditu
behar den lekua;
askatasun amestua
ze askatasun estua!
Nik ia txanponik ez dut eskatzen
nahi nuke eskua. (bis)
J. Maia:
Gu elkarren eskuekin
hortik ibili gera fin
ez zait inporta nahiz eta egon
plako eta erkin.
Bakardadea behinepin
zer den ondo dakit jakin;
zu joan zaite baina txakurra
uztazu nerekin. (bis)
A. Arzallus:
Horrenbeste pasadizu
paradisuz paradisu
baina aspertu eta atzera
banoa ni aizu.
Bai, bai, txakurra torizu!
izan bedi zure maisu
eta zaunkaka duoa egiten
lagunduko dizu! (bis)
J. Maia:
Beraz zakurraren gula
ezin leike disimula
txakurra lagun haundia dut ta
zertan egin burla?
Hasi dedan pelikula
ez bedi buka sekula!
Mila izarreko aterpe hontan
jo nahi det txirula. (bis)
A. Arzallus:
Iruña edo Baiona
segi zazu handik hona
mila izarreko hotel txikian
ez pareta ez horma...
Egiten banaiz gizona
baldin badut bizi ona
zure eskura luzatuko dut
lehenengo txanpona. (bis)


ARRASATE (2005-10-23)
Gai-emailea:
Unai Elizasu.
Bertsolaria:
Arkaitz Estiballes
Kartzelako lana
Gaia:
Errezeloak zenituela-eta etxean kamera ezkutu bat jarri zenuen. Orain, grabatutakoa ikusten ari zara.
Neurria:
hamabiko handia
Doinua:
Ez nau izutzen negu hurbilak III
Bederatziak eta etxean
hor dago neska-laguna.
Hamarrak dira ta sukaldean
nere maitale kuttuna
ta hamaiketan bat-batean
atean dantzut tuntuna;
gizon altu bat hortxe sartu da
eta ez da ezaguna.
Barrura sartu ta ez dut ahaztuko
ikusi dudan eguna;
ze zaila dugun ikusi beharra
ikusi nahi ez duguna!

Ze goxoa den neska-laguna
tratatzen duen modua:
muxu batekin estali dio
bere ezpain ingurua.
Honek dirudi ikutu behar
duela laister zerua;
laztan umelek asetu dute
nire neskaren barrua
ta nik sekula jo ez bezala
jo dio bertan larrua
ta ohartu naiz igual nirea
izango dela errua.

Luzea dugu konfiantzaren
faltak daraman itzala
eta kamara jartzea ere
ez zen hain gauza normala
baina egia hementxe dago
esan zidaten bezala.
Laurak aldean erropak jantzi
ta alde egin du berehala.
Bostetan heldu ta ferekatu
beharko diot azala
sekretu hauxe neuretzat gordez
ta esan maite dudala.