Gazte espetxeratu zahar kaleratu

Gazte espetxeratu zahar kaleratu https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gazte-espetxeratu-zahar-kaleratu/@@download/image/63p40-1_1365628085.jpg
2006/05/05
erreportajea
Unai Brea
Euskal Herriko espetxeetan dauden presoak ez dira garai batean bezain gazteak. Egun, zigorrak luzeagoak dira, eta horrek presoen batez besteko adina haztea eragin du. Espetxera sartu, hala ere, gazteak sartzen dira gehien. Preso gazteen egoera aztertu dugu, eta baita Euskal Herritik kanpora dauden euskal presoena ere. Guztira, 800 inguru dira; horietatik 500 bat, politikoak.

Hego Euskal Herrian, ia hamar presotatik bat 25 urtetik beherakoa da. Garai batean baino gutxiago, beraz. Izan ere, presoen batez besteko adinak gora egin du azken hamarkada bietan, Salhaketa elkartearen arabera. Bertako kide Cesar Manzanosen berbetan, "horren arrazoi nagusia zigorrak luzatzea izan da; jendeak lehen baino denbora gehiago ematen du espetxean".

Egun, delitua kondena penal gero eta gogorragoz zigortzeko joera dago. Baina horrek, ordea, ez du ustez daukan helburua betetzen, Manzanosen ustez. "Delitu mota guztientzako zigorrak luzatu dira, baina argi geratzen ari da hori ez dela nahikoa delitu horiek sahiesteko. Gainera, denboran ez ezik, zigorrak beste alderdi batzuetan ere gogortu dira. Esaterako, gaur egun, zailagoa da baldintzapeko astakatasuna lortzea".

Ondorioz, espetxeak jendez betetzen ari dira, eta gero eta "bezero" zaharragoak dauzka. Euskal Herrian, Baionako kartzela litzateke salbuespena. Baionako kartzelak epaiketa zain dauden pertsonak edo oso kondena laburrak dituzten presoak hartzen ditu, eta horrexegatik, gazteak dira gehienak. Errepresioaren aurkako taldeek salatu dutenez, Baionako kartzelan baldintza latzetan bizi dira. 140 preso daude, ustez 65entzako lekua besterik ez den arren, eta espetxea bera zaharkituta dago, bizitzarako baldintza egokirik gabe. Hala, arazo larriak dauzkate gaixotasunekin; hazteriarekin, batez ere.

Jazarpena, gazteen aurka

Hego Euskal Herrian preso daudenen batez besteko adinak gora egin duen arren, ez da gauza bera gertatzen espetxera sartzeko adinari dagokionez. Alegia, gazteak dira gehien atxilotzen dituztenak, Cesar Manzanosen esanetan. "Izan ere, delitua jazartzerakoan, badira `iragazki´ batzuk. Legez kanpoko droga trafikoari dagokionez, aisialdi-guneetan droga banatzen dabiltzanak harrapatzera doaz, eta horiek gazteak izaten dira gehienetan". Manzanosen ustez, baliteke gure gizarteko delitu gehienak pertsona helduek egitea, baina jazarpenak gazteak ditu helburu, "eta gero eta gazteagoak dira, gainera".

Baionako espetxearen baldintza negargarriak aipatu ditugu. Hego Euskal Herrikoak ez daude askoz hobeto, Salhaketaren esanetan. "Guztiz zaharkiturik daude, eta ez dituzte oinarrizko hainbat eskubide bermatzen: tratu duina, osasuna, intimitatea, hezkuntza…". Batzuetan, bizitzarako eskubidea ere ez da errespetatzen. Azken hilabeteotan, Langraitzeko zenbait gertakarik ezin ageriago utzi dute arazoa, oraintsu kartzelan hildako preso politikoen kasuak ahaztu gabe, noski.

Gazteentzako modulorik ez Euskal Herrian

Gazte izateak arazo batzuk gehi diezazkioke espetxeko bizimodu berez gogorrari. Hego Euskal Herrian, konparazio baterako, ez dago gazteentzako modulorik. 18 eta 21 urte bitartekoentzako, alegia. Beraz, adin horretakoak kanpoko espetxeetara bidaltzen dituzte zigorra betetzera. Honenbestez, 500 inguru preso politikoez gain, beste 300 euskal presok jasaten dute etxetik urrun egon beharra. "Askotan, pertsona horiek familiarekiko lotura galtzen dute, senideek ez daukatelako bitartekorik bisitan joateko. Ondorioz, etxetik hurbil egongo balira erraz lortuko lituzketen zenbait gauza, ez dituzte eskura izaten. Horientzat zailagoa da bizimodu normalizatua izatea espetxetik irtendakoan",  salatu du Salhaketa elkarteko Manzanosek.

Bada gehiagorik ere. Adibidez, gazteentzako sail bat daukaten espetxeetan, gazte horiek ez dituzte helduen eskura dauden zenbait gauza: kiroldegia, kultur ekintzak… Gaztea izate hutsak, zailtasunak dakartza horretarako.

Preso politikoak

Esan bezala, 500 inguru euskal preso politiko daude, ia denak Euskal Herritik kanpoko espetxetan. Ez dugu jakiterik izan, hala ere, horietatik zenbat diren gazteak. Etxerat-ek, euskal errepresaliatu politikoen senitartekoen elkarteak, ez du horri buruzko daturik. Pentsa dezakegu, hala ere, preso sozialez esandakoak hemen ere balio duela: alegia, zigorrak gero eta luzeago direnez gero —orain, gainera, osorik bete behar dira-— batez besteko adina ere handiagoa izango dela.

Nolanahi, gazte asko dago, egon, preso politikoen multzoan. Amaiak 26 urte dauzka —ez du abizena esatea nahi—, eta Alcala Mecon eman zituen 22tik 25erainokoak. Amaiaren hitzek Manzanosek esandakoa berresten dute, nolabait: "Gazte moduloetan, bizimodua oso gogorra izaten da, espetxe arruntetan baino gogorragoa. Hain zuzen, preso politikoen kolektiboak, 21 urtetik beherako preosak gainerako guztiekin batera egon daitezen eskatu du. Aukeran, preso gazte askok nahiago dituzte espetxeko modulo arruntak".

Zigorra bai, garbitasunik ez

Kartzela barruko bizi-baldintzez mintzatu da Amaia: "Ni bigarren graduan nengoen, eta gaitzerdi, patioan ordu asko emateko aukera genuelako. Hala ere, ziega barruan ematen genuen denbora gehien, askotan zigortuta egoten ginelako". Amaiak dioenez, zigor haiek oinarrizko eskubideak aldarrikatzearen ondorioa ziren; "gauza txikiak, sarritan".

Amaiak gogoan dauka garbitasuna, edo haren falta, hobe esanda. "Nork bere burua garbitzeko ez zegoen horrenbeste arazorik: guk zorionez dutxa geneukan ziegan. Baina, oro har, higiene-neurririk ez zegoela suma zitekeen, bai janaria ematerako orduan, bai erizaintza gunean".   Presoak ziega garbitzera behartauta zeuden, eta alde horretatik ez zegoen hainbesteko arazorik. "Hala ere, espetxe osoko garbitzaileak izango bagina bezala sentitzen ginen", diosku Amaiak, "preso politikoak maiz eramaten gintuztelako ziega batetik bester, egonkortasunerako aukerarik eman gabe. Eta noski, gure aurretik ziegan nor egon zen jakin ez, eta ondo-ondo garbitzen genuen beti. Gu hiruzpalau hilabetero aldatzen gintuzten, baina badakit, espetxe batzutan, preso politikoei askoz sarriago egiten dietela hori". 

Sakabanaketa, zigor erantsia preso eta senideentzat


Urte asko dira, Espainian eta Frantzian, preso politikoen sakabanaketa martxan jarri zenetik. Hala, askatasuna kentzeaz gain, beste zigor bat ezartzen zaie presoei eta, bide batez, haien senide eta lagunei. "Bi astean behin joaten naiz", diosku preso baten aitak, "eta istripua izateko beldurrez egoten naiz beti; normalean 1.000 kilometro inguru egin behar ditut autoan, neu gidatzen etengabe. Eguraldi txarra, elurteak eta antzekoak iragartzen dituztenean, larri egoten naiz aste osoan. Inoiz trenez ere joan naiz, ez dut alferrikako arriskurik nahi. Garraio munduan lan egiten dut, eta badakit zer den hori".

Etxerat elkarteak jakinarazi digunez, "iaz heriotza eragin zezaketen 29 istripu jasan genituen euskal preso politikoen 74 senide eta lagunek". Horren emaitza? Zauri larri eta arin ugari, izugarrizko diru gastuak... eta tamalez, baita atzerabiderik ez duten ondorio tragikoak ere: "Sakabanaketak eragindako istripuetan hamasei senide eta lagun hil dira, neurri hori indarrean jarri zenetik", gogoratu dute Etxerat-ekoek.

Sakabanaketak zigor ekonomiko beldurgarria eragiten du. Etxeratek zenbaki zehatzak eman dizkigu: "Komunikazio eskubidea gauzatu nahi badugu, euskal preso politikoen senide eta lagunok, ondoko batez besteko gastua izaten diugu hilero: 1.728,79 euro". Ez gara kontu merkeez ari, beraz. Alde guztietatik begiratuta, oso garesti ateratzen ari da sakabanaketa politika.

Ikastea, zailago


Kartzela barruko bizi-baldintzak ez dira unibertsitate-ikastetei ekiteko egokienak, zalantza barik. Pentsatzekoa da, beraz, ikasle presoen emaitzak, oro har, gainerako ikasleenak baino kaskarragoak izango direla. Eta hala da, gainera.2004 urtean, PPren gobernuak euskal presoei UNED ez beste unibertsitatetan ikastea galarazi ondoren, EHUk ikerketa bat jakinarazi zuen. Garai hartan, EHUk euskal preso politikoei erraztasunak ematen zizkiela salatu zuten hainbat komunikabidek.

EHUk bost ikasturtetako emaitzak aztertu zituen (1998an hasi eta 2003raino), eta hainbat ondorio atera zituen: batetik, ikasle presoek askoz denbora gehiago behar dutela euren ikasketak burutzeko; bestetik, ikasketak burutzea lortzen duen ikasleen batez bestekoa, askoz txikiagoa da presoengan, gainerakoengan baino. Hala ere, batzuek eta besteek antzeko notak ateratzen dituzte, batez beste.

Orduan, zelan da posible, ikasle presoen emaitzak askoz txarragoak izatea, oro har? EHUren arabera, “ikasle presoek matrikulatutako lau ikasgaitatik bakarrean egiten dute azterketa; gainerakoek, berriz, lautik hirutan”. Espetxean dauden ikasleek hain azterketa gutxi egitea, bat dator ikasle horien bizi-baldintzekin. Zenbaitek oso fede txarrez salatutako pribilegien arrastorik ez dago, beraz.

EHUk badu espetxeetan dauden ikasleei buruzko protokoloa. Hala ere, protokolo hori ez da oraindik ezarri, PSOEren gobernuak ez baitu bertan behera utzi bere garaian PPk jarritako debekua. Protokoloa ez da guztiz alferrikakoa, hala ere: Frantziar sakabanatuta dauden euskal presoei ezartzen zaie, bederen. 

Ametzagaña, EAEko presoentzako “eskola”


Donostian, Martuteneko espetxetik hurbil eta juridikoki haren menpeko, Ametzagañako zentro pedagogikoa dago. Bertako iturriek esan digutenez, "EAEko espetxeren batean zigorra betetzen ari diren 18 eta 28 urte bitarteko gazteak hartzen ditugu, ikasketen, heziketaren edo lanaren bidez haien gizarteratzea bideratzeko. Noski, espetxeetako arduradunek erabakitzen dute, zein gazte etor daitekeen hona, beraien jarreraren arabera eta abar".

Beraz, kondena amaitzeke daukaten presoak hartzen dituzte Ametzagañan –"hemen bukatzen dute kondena"-, eta ondorioz, hura ez da "espetxea": "Hemen ez dago ate itxirik", dioskue egoitzako arduradunek. Ametzagaña era honetako zentro bakarra da Hego Euskal Herri osoan, eta Espainian bakarrenetakoa da.


2005eko abenduko datuak. Iturria (Hego Euskal Herrirako): Espainiako Espetxeetako Zuzendaritza Nagusia)



 ESPETXEA PRESO KOPURUA
25 URTETIK BEHERAKOAK
 Baiona                140
  Daturik ez 
 Basauri                250
30 
 Iruñea                215
31
 Langraitz                 642
50
 Martutene                291
52
 GUZTIRA (Hego
Euskal Herrian)
             1.538
163