Gazte bat protagonista duten euskarazko antzerki testu laburren lehiaketa martxan da

Gazte bat protagonista duten euskarazko antzerki testu laburren lehiaketa martxan da 15 minutuko testuak sortu beharko dira, eta irailaren 11ra arteko epea dago lanak bidaltzeko. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gazte-bat-protagonista-duten-euskarazko-antzerki-testu-laburren-lehiaketa-martxan-da/@@download/image/WhatsApp-Image-2026-04-21-at-16.24.42.jpeg
2026/05/28

Testua: Maitane Legarreta

15 minutuko testuak sortu beharko dira, eta irailaren 11ra arteko epea dago lanak bidaltzeko.
Gazte bat protagonista duten euskarazko antzerki testu laburren lehiaketa martxan da

16 urtetik gorakoa bazara eta idaztea eta antzerkia maite badituzu, hementxe duzu aukera! IKA Teatroak eta Lezoko Udalak euskarazko antzerki testu laburren laugarren lehiaketa jarri dute martxan. 

15 minutuko antzerki testu laburrak sortzea da asmoa, eta estilo aldetik komedia, absurdoa edo tragikomedia landu daiteke. Bi pertsonaia izango dira orotara, eta gaia librea izango den arren, nahitaezkoa izango da pertsonaia protagonista gazte bat izatea. Horretaz gain, Lezoko herriak ere, modu librean, traman agertu beharko du.

Piezak irailaren 11ra arte jasoko dituzte. Behin testuak jasota, adituz osatutako epaimahaiak lau lan aukeratuko ditu bigarren fasera igarotzeko. Horietatik bat, gutxienez, 35 urte baino gutxiago duen dramaturgo batena izatea balioetsiko da. Irailaren 18an jakinaraziko dute hautatuak zein diren.

Urriaren 3an, lau testu finalistak zuzenean ikusteko aukera izango da Lezon ospatuko den kale jaialdian. Bertako publikoak erabakiko du nor izango den irabazlea, zuzeneko bozkaren bidez. Irabazleak 1000 euroko saria jasoko du. Jaialdiaren ostean, lau testuak irakurgai izango dira Lezoko Udalaren eta HIKA Teatroaren web orrialdeetan. 

Testuak PDF formatuan bidali beharko dira emailez, eta irailaren 11ko 14:00ak arteko epea izango da horretarako. Idazlanarekin batera, 8-10 lerroko sinopsia eta pertsonaia bakoitzari buruzko hiru lerroko azalpena ere erantsi beharko dira. Azkenik, idazlearen datuak beste dokumentuetatik aparte bidali beharko dira.

Lehiaketaren oinarriak hemen kontsulta daitezke.