'Gazte Arte' erakusketa irekiko dute gaur Gasteizko Labe Gazte Laborategian
Gazteentzako sorkuntza artistikoko lehiaketaren, Gazte Arteren, laugarren edizioko irabazleen lanak biltzen dituen erakusketa inauguratuko dute gaur, 18:30ean, Gasteizko Labe Gazte Laborategian. Gainera, Piperbeltzeko sukaldariek bertara gerturatzen direnen aurrean prestatuko dute janaria.
Honako artista hauen lanak ikusi ahal izango dira erakusketan: Izaro Pardoren Trascendence, pinturarekin lotua; Lah Ortizen `Irresistible Lineal, ehungintzarekin lotutako artea; Ani Chkhartishviliren `Pliegues, argazkigintza esperimentala; eta Oihane Gil, Leire Zabaleta eta Jone Irazaren `Congelando la memoria.
Gazte Arteko laugarren edizioko artista irabazleak tailer ireki batean sortu dituzten beren lanak. Publikoari zabalik izan da prozesua, proiektuen bilakaera ezagutzeko aukera egon da Montehermoso Kulturuneko garai bateko ur-deposituan. Irantzu Lekue, Dani Urraca, Adriana Fariñas eta Alba Tojo komisarioek gainbegiratu dute prozesua.

Euren lanak erakusteko aukeraz gain, irabazleek 300 euroko sari ekonomikoa jaso dute. Haien lanak biltzen dituen argazkien galeria birtuala eta katalogo baten edizioa ere sortu dituzte.
Erakusketa martxoaren 3ra bitarte izango da zabalik, asteazkenetik ostiralera, 17:30etik 20:30era, eta larunbatetan, 11:00etatik 13:00etara. Gainera, astelehenetan, artista batek bere lanaren bisita gidatua eskainiko du, 19:00etan.

