Gay mugimendua kalean

Gay mugimendua kalean https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gay-mugimendua-kalean/@@download/image/4p26-1.jpg
2012/12/13
elkarrizketa
Gay mugimendua kalean
Donostiako eta Azpeitiko zenbait danborjole txotxolo samar haserretuko zaizkigu, baina homosexual batzuek euren zaindaritzat dute San Sebastian. Ez denek, noski. Horrexegatik, gay eta lesbianen eguna, ekainak 28, noiz iritsiko zain egon gabe, urtarrilaren 20a aitzakia ona izan daiteke Euskal Herriko gay eta lesbianen eskubideen aldeko mugimenduari begiradatxoa emateko.

Euskal Herrian gay eta lesbiana talde ugari dago. Hegoalde osoan Euskal Herriko Gay Askapenerako Mugimendua dugu. EHGAMek hiru talde nagusi ditu, Iruñean, Bilbon eta Donostian. Hegoak eta Gehitu erakundeek ere Hego Euskal Herri osoan dihardute, baina lehenengoak batez ere Bilbo aldean lanean ari diren bitartean, bigarrenek Donostia inguruan dute indarra. Gasteizen beste bi talde ditugu: Gaytasuna, mutilena, eta Gastelesbos, neskena. Bizkaian ere bada Colectivo de Lesbianas Feministas, eta Iruñean Lumatza, lesbiana erakundea. Eta Iparraldean, zer? Bertako lagun batzuen esanetan, ez dago mugimendurik. Imanol Alvarez  Bilboko EHGAMeko kideak ere azaldu digunez, "Baionan, Angelun edo Miarritzen badira gay-ak ibiltzen diren tabernak. Hala ere, ez dago antolatutako talderik. Duela hogei bat urte EHGAMen talde bat sortu zen Iparraldean, baina oso jende gutxi zegoenez, bertan behera geratu zen".
EHGAM da, zalantzarik gabe, Euskal Herriko gay mugimendurik zaharrena eta baita ezagunena ere. EHGAM 1976an sortu zen Durangoko Azokan. Halaxe azaldu digu gay erakundearen sorrera Imanol Alvarezek: "Antonio Kintana nire laguna Ingalaterran ibilia zen eta bertako gay mugimendua ezagutzen zuen. Biok Durangoko Azokan genbiltzala, Kintanak Euskal Herrian Ingalaterrakoa bezalako mugimendua eratu  behar genuela  esan zidan. Ezinezkoa iruditu zitzaidan hasieran, Euskal Herria garai hartan matxista samarra zela pentsatzen bainuen. Nik, hala ere, beti esan dut ez dela aterik itxi behar eta  beraz, aurrera egin genuen. Zenbait lagunekin hitz egin eta jendaurreko aurkezpena egin genuen. Lehendabiziko elkarrizketa Bilboko garai hartako Anaitasuna euskarazko aldizkarian egin ziguten".
Ordutik hona, gay mugimendua asko zabaldu da eta talde eta erakunde berriak sortu dira. Dena den, Imanolen ustez, gaur egun EHGAM motelago ari da: "egia da jende berria sartu dela eta talde gehiago ditugula, baina, herri mugimendu guztiekin gertatu bezala, apurka-apurka lehen zegoen jendeak EHGAM utzi eta etxera joan da, eta horrez gain, mugimendua bera apaldu egin da". Hala eta guztiz ere, Etorre Donostiako EHGAMeko kideak dioenez, azken urteotan beraiengana gero eta jende gazteagoak jotzen du: "lehen jende zaharragoa zetorren eta orain, berriz, hemezortzi eta hemeretzi urteko jendea gerturatzen ari da, beharbada, gizartean egoera normalizatuago dagoelako".
Oro har, beste hiri edo herrialde batzuetan gay mugimenduak Euskal Herrian baino indar handiagoa du, Madrilen, Katalunian edo Parisen, esaterako. Kontuan hartu behar da herri hauek populazioa handia dutela eta bestalde, "migrazioa" ere badagoela. "Bartzelonan gay euskaldun asko bizi da. Han giro gozoagoa topatzen dute eta horrez gain, inork ezagutzen ez dituenez, lasaiago daude", dio Etorrek. Dena den, Euskal Herriko gay mugimendua "berezia" da. Imanol Alvarezek azaldu digunez, gay mugimenduan hiru joera daude, erreformista, iraultzailea eta erradikala. Imanolen esanetan, erreformistak gizartean gay-entzat leku bat egitea du helburu, gizarte eredua bera kolokan jarri gabe. Iraultzaileak gizartea aldatu nahi du. Eta erradikalak erreformismoari erantzunez, anti-gay ideia sortu eta, adibidez, gaztelerazko "maricon" hitza bere egin du. "Mundu osoan mugimendu erreformista nagusitu da. Euskal Herrian, aldiz, talderik ezagunena EHGAM da, erakunde iraultzailea. Dena dela, EHGAMen joera erradikaleko jendea ere badugu", dio Imanolek.
Herri gehienetan "gay" hitza neska eta mutilentzat berdin-berdin erabili ohi da. Alta, Hego Euskal Herrian "ulertu" egiten duten mutilak izendatzeko besterik ez da erabiltzen eta neskei, berriz, lesbiana esaten zaie. Zertan ari dira Euskal Herriko lesbianak? "Gauza guztietan bezala, honetan ere neskak mutilen atzetik gabiltza", adierazi digu Karmele Barriola Gehitu taldean lan egiten duen lizartzarrak. "Dirudienez, gizonezkoetan, jendeak gay dela esaten duenean, armairutik ateratzen denean, gizarteak begi onez ikusten du. Are gehiago, batzuetan luma izatea baloratu egiten omen da. Gu, ordea, erabat ezkutuan gabiltza. Euskal Herrian, toki guztietan bezala, lesbianak daude, jende ezaguna eta ospetsua tartean, baina %90 ez da oraindik armairutik atera", dio Karmelek.
Topikoa da, baina baliagarria da lesbianen arazoa ulertzeko: bi mutil elkarrekin bizi badira eta zeresanik ez, elkarri musuka badabiltza, bizilagunek homosexualak direla esaten dute, baina neskak badira, ordea, "oso lagun onak dira". Beraz, gizartearentzat ez omen dago lesbianarik. "Heziketaren ondorioz, neskei sexurik ez dugula esan digute, umeak izateko jaio garela. Beste alde batetik, plazerra gizonak eman behar digula dirudi. Ikaragarrizko ezjakintasuna dago lesbianei buruz. Gehitu-n bertan, gizon batek baino gehiagok sexua nola egiten ote dugun galdetu digu harriduraz".  
Gehitu 1998an jaio zen. Beste talde batzuetatik bereizteko, Karmelek esan digu Gehituk gay-en eta lesbianen arazoak konpontzea duela helburu, bestelako gaietan sartu gabe. Bestalde, "borroka bultzaka egin ordez, beste bide batzuetatik egin daitekeela sinetsita gaude", dio Karmelek.
Ezberdintasunak ezberdintasun, gay eta lesbiana erakundeen arteko harremana ona da eta ekimenak antolatzen dituzte elkarrekin. Gaur egun, batez ere, informazioa zabaltzea da haien zeregin nagusia. Dena den, ez dituzte aldarrikapenak bazterrean utzi nahi. Gizartean azken urteotan aurrerapausu garrantzitsuak eman direla diote, baina oraindik asko dagoela egiteko. Lege aldetik, sexu berekoen ezkontza zibila edo haurrak adoptatu ahal izatea eskatzen dute, besteak beste. Jendearen jarrerak ere aldatu behar du. Etorrek dioenez, "oraindik ere arraroa da mutil edo neska bikote bat taberna arrunt batean musuka ikustea".

San Sebastian eta gay kultura



Gay-ek, beste hainbat giza taldek bezala, nortasun ikurrak dituzte. Batzuek, adibidez, San Sebastian hartu dute zaindaritzat. Inork ez daki San Sebastian gay zen ala ez, baina beste hainbat saindurekin gertatu bezala, Donostiako, Azpeitiko edo Tafallako zaindaria ezaugarri batekin lotu dute zenbaitek, homosexualitatearekin alegia.
Honen guztiaren inguruan ika-mika ere bada: ba al dago gay kulturarik? Levi"s galtzak, Jean Paul Gautierren marinel alkandorak, Calvin Klein, Versaceren jantziak, drag queen-ak, Abba, Dona Summer, Pet Shop Boys, Monica Naranjo, gay giroko tabernak, zenbait film, aldizkari eta komiki... Gay nortasunari lotutako produktu, janzkera edo ohiturak daudela dirudi. Hala ere, Imanol Alvarez EHGAMeko kideak ez du uste gay kulturarik dagoenik. "Ohitura batzuk nahiko zabalduta dauden arren, EHGAMek dio ez dagoela gay identitaterik, ezta heterosexualik ere, identitatea norberarena dela. Bestalde, gure artean denetik dago:euskaldunak, erdaldunak, ezkertiarrak, eskuindarrak, mota guztietako zaletasunak...".