Gaurtik maiatzaren 1era izango da Baigorriko Kulturaldia

Gaurtik maiatzaren 1era izango da Baigorriko Kulturaldia Nafarroaren Eguna apirilaren 28an izango da eta Euskal Herria Eguna berreskuratuko dute, apirilaren 20an. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gaurtik-maiatzaren-1era-izango-da-baigorriko-kulturaldia/@@download/image/nafarroaren eguna.png
2024/04/05
Nafarroaren Eguna apirilaren 28an izango da eta Euskal Herria Eguna berreskuratuko dute, apirilaren 20an.
Gaurtik maiatzaren 1era izango da Baigorriko Kulturaldia

Basaizea elkarteak antolatzen duen Kulturaldiaren egitarauari hasiera emango diote gaur, eta maiatzaren 1era arte hainbat ekintza egingo dituzte, tartean Nafarroaren Eguna, apirilaren 28an. Aurtengo lelorako Joxean Artzeren hitzak hartu dituzte: "Iturri zaharretatik edaten dut/ beti berria den ura".  "Gure iturri zaharretatik sor dezagu guk nahi dugun aldaketa, guk nahi dugun ur emari geldigabea. Iturri zaharreko tradizioa ez dadin museoko pieza bihurtu, gure esku baita euskal kultura berritzea, tradizioa gaurko garaietara ekarriz, etengabeko ur isuri berria sortuz", azaldu dute.

Gaur migrazioaren inguruko hitzaldia izango da Izpegiko Bereko bentan, 19:30ean. Bihar, 16:00etan, Anche et Cie orkestrak emanaldia egingo du Baigorriko Biletxean.

Hurrengo hitzordua apirilaren 11n izango da, eta Josu Martinezen Mirande, film bat egiteko zirriborroa emango dute Baigorriko Biletxean. Filmaren egilea bertan izango da, eta baita Joseba Sarrionandia eta Nora Arbelbide ere. Apirilaren 12an, Gora Euskal Herrientsak saiakera grafikoa aurkeztuko du Asisko Urmeneta marrazkilariak, Urepeleko Amerikanoenean, 20:00etan. Dom Campistronen kolaborazioarekin egindako lana da eta kulturaren transmisioan hainbat emakume aitzindarik eginiko bidea omentzea du helburu.

Euskal Herria Eguna ere berreskuratuko dute apirilaren 20an, Euskal Herriko eskualdeen arteko harremanak bultzatzeko asmoz. Herri batzuk egitasmoaren partaide dira, eta urtero horietako batek antolatzen du Euskal Herriaren eguna. Datozen urteetan jarraipena ematea espero dute, beste herri batzuek antolatuta.

Apirilaren 27an, Nafarroaren Egunaren bezperan, Ai gure Juaneteak antzerki musikatua antolatu dute Baigorriko Biletxean, 20:30ean. Nafarroaren Eguna hilaren 28an izango da eta egun osoko ekintzak prestatu dituzte, tartean Kiki Bordatxo, Cumbian Bero, Belako eta DJ Uzkülüzen emanaldiak, eta bertso saio musikatua Amets Arzallus, Xabat Illarregi, Ane Labaka eta Miren Amuriza bertsolariekin. Azkenik, maiatzaren 1ean, Mejillon Tigre kolektiboak Hitz esana ikuskizuna eskainiko du Arrosako Elgenian.