Gaurtik larunbatera, Zinemaldi Alternatiboa Kortxoenean

Gaurtik larunbatera, Zinemaldi Alternatiboa Kortxoenean https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gaurtik-larunbatera-zinemaldi-alternatiboa-kortxoenean/@@download/image/zinemaldi_alter_1379667381.jpg
2013/09/20
berria
Joan zen ostiralean abiatu zen Donostiako Zinemaldiaren 61. edizioa, eta laugarren urtez, Gros auzoko Kortxoenea Gaztetxean Zinemaldi Alternatiboa prestatu dute. Aurtengoan lau dokumental eta film bat proiektatuko dituzte, eta noski, ez dira film labur lehiaketa eta Rallya faltako!


Gazteen topaleku izateaz gain, urte osoan zehar tailer, ikastaro eta kultur ekintzaz beteriko egitarauaren erdigunea ere bada Kortxoenea Gaztetxea. Donostiako Gros auzoan kokaturik, hiriko naiz inguruko gazteei eskaintza alternatibo eta oparoa helarazten die, eta pixkanaka, Gipuzkoako hiriburuko bilgune garrantzitsu bilakatu da.

Aurtengoan, laugarren urtez, Donostiako Zinemaldiarekin batera, Zinemaldi Alternatiboa prestatu dute. Gaur, astelehena, hasi eta larunbatera bitarte, egunero emanaldi bat eskainiko dute iluntzeko 19:00etan. Orain arte 80ko hamarkadako euskal zinema izan du oinarri ekimenak, baina aurtengoan dokumentalak izango dira protagonista nagusiak: orotara lau dokumental eta film bat proiektatuko dituzte.

Lehiaketak ere bai
Baina proiekzio hutsetatik haratago, bi lehiaketa egingo dituzte datorren larunbatean, irailak 28. Bata 20 segunduko film laburren txapelketa izango da. Gaia erabat librea da, eta lanak irailaren 28an baino lehen bidali behar dira zinemaldialternatiboa@gmail.com helbidera.

Bigarrena, aldiz, Rallya izango da. Hau da, ostiraleko emanaldian filmaren gaia, bertan azaldu beharreko objektua eta lekuak, eta beste hainbat zehaztapen emango zaizkie antolatzaileek Rallyan parte hartuko duten taldeei, eta 24 orduko tartea izango dute horiek baldintza guztiak betetzen dituen film laburra prestatu, grabatu, editatu eta antolatzaileei entregatzeko. Segidan, larunbatean bertan, parte hartzaileen film guztiak proiektatuko dituzte Kortxoenean, eta ikusleek erabakiko dute lehiaketako garailea nor den.

Ez duzu aitzakiarik! Bildu zure taldea, edota batu zaitez dagoeneko eginda dagoen batera, eta eragiozu buruari!

Egitarau osoa


Irailak 23, astelehena
Morritson eta Gartzia filma proiektatuko dute, eta ondoren Jon Urraza eta Aier Goenagarekin mintzatzeko aukera izango da.

Irailak 24, asteartea
Abordatzera! Dokumental etnografikoa proiektatuko dute, eta Ione Begiristain, Nerea Oñate eta Nerea Kortarekin mintzaldia egingo dute ostean.

Irailak 25, asteazkena
31 urte dokumentalaren proiekzioa eta Maitane Serrano eta Lander Iruinekin solasaldia ondoren.

Irailak 26, osteguna
Populismo musical: Peliculas caseras de Fundación Robo dokumentala proiektatuko dute eta hainbat gonbidaturekin batera ondorengo mahai-inguruan parte hartu ahal izango da.

Irailak 27, ostirala
Londres no es Sevilla dokumentalaren proiekzioa.

Irailak 28, larunbata
20 segunduko film laburren lehiaketako eta Rallyan parte hartu duten filmak proiektatuko dituzte lehenik, eta ondoren kontzertu akustikoa eskainiko du Morau bakarlariak.