Gaurtik larunbatera bitartean izango da Feministaldia, Donostiako Tabakaleran

Gaurtik larunbatera bitartean izango da Feministaldia, Donostiako Tabakaleran Hitzaldiak, mahai-inguruak, performanceak eta bestelako jarduerak izango dira egitarauan. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gaurtik-larunbatera-bitartean-izango-da-feministaldia-donostiako-tabakaleran/@@download/image/9l2a2862.jpeg
2022/11/30

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Hitzaldiak, mahai-inguruak, performanceak eta bestelako jarduerak izango dira egitarauan.
Gaurtik larunbatera bitartean izango da Feministaldia, Donostiako Tabakaleran

Hamazazpigarren aldiz, kultura feministari lotutako ahots, sorkuntza eta diskurtsoen elkargune izango da Feministaldia, gaurtik larunbatera bitartean, Ahoa narras lelopean. Tabakaleran elkartuko dira eta bertan gauzatuko dute lau eguneko egitaraua.

Aldaketak ere badira Feministaldian, Plazandreok plataforma politikoak antolakuntzaren ardura utziko baitu. Beraiek utzitako arrastoa eskertu eta modu eta esparru berrietara zabaltzeko asmoa azaldu du Feministaldiaren lantaldeak. Eurek azaldu dutenez, aurten jaialdia pentsatu eta programatzeko prozesua "ariketa kolektiboa" izan da, eta lagun eta pentsalari feministekin jaialdiari elkarrekin forma ematen hasteko topaketak egin dituzte. 

Ahoa narras leloa oinarri hartuta, feminismoetan "pil-pilean" dauden gaiei erreparatuko die jaialdiak, baina "baita orain egindako bideetan ere, bertikaltasuna alde batera utziz, eta gorputza lurrerantz eramanez": “Norabide berri horretan ahoa -normalean gorputzaren goialdean edukitzen duguna- lurrera eramango dugu; herrestan dabiltzanen eta ibili direnei tartea egin nahi diegu, azala bidean eraldatzen dutenei”.  “Arrastaka doazenek, kanporatuek, zikinek, urdangek uzten duten arrastoa” ikusarazi nahi dute, eta, era berean, narrasean dabiltzan horien “potentzia eraldatzailea” ere goraipatu: “Erori eta arrastatu egiten gara, zikindu, detrituekin nahastu eta jolasten gara, materiekin esperimentatu egiten dugu horiek sakonera eramateko, misteriotsua denera, desiragarria denera, irudimenez lepo dagoenera, potentzia eraldatzailez gainezka dagoen horretara eramateko”. 

Egitarauari dagokionez, askotariko jarduerak prestatu dituzte: hitzaldiak, performanceak, mahai-inguruak, ibilaldiak, sung poetry emanaldiak, eta abar. Guztira, hogeita bost artista, aktibista eta pentsalaritik gora izango dira Feministaldian, tartean Eulalia Valldosera, artista eta aktibista mistikoa; Isabel de Naverán, dantza eta performance-n ikerlaria; Paloma Chen kazetaria, poeta eta idazlea, eta Yan Juang aktorea, sortzailea eta poeta; Itziar Reguero eta Mijo Lizarzaburu militante transfeministak; Namorada kolektiboa; Eneka Fernandez liburu-egilea eta editorea, eta Leire Ibarguren, Emagin elkarteko kidea; Personaje, personaje eta Somadamantina, Elena Aitzkoa eta Eddi Circa artistak.

Sarrera librea izango da ekitaldi guztietarako, edukiera bete arte, eta, gainera, jarduera gehienak streaming bidez jarraitu ahal izango dira feministaldia.eus webgunean. Egitarau osoa hemen kontsulta daiteke.