Gaurtik irailaren 8ra izango dira Donostiako Euskal Jaiak
Donostiako Euskal Jaiak gaur hasiko dira, eta hamabi eguneko egitaraua prestatu dute, hirurogei ekitaldirekin. Bigarren asteburua izango da ekitaldi gehien izango dituena.
Estropadez gain, askotariko jarduerak antolatu dituzte. Tio Teronen Semeak taldeak Haurreskolari ikuskizuna aurkeztuko du irailaren 6an, Konstituzio plazan, 20.00etan. Gure bizitzako une ahaztezinak doinu ezagunekin berpizten dituen ikuskizuna da, eta ikasitakoa desikasten saiatuko dira, ikusleen eskutik ikasteko prozesu berri bat eraikitzeko.

Sagardo Eguna irailaren 7an izango da, 11:00etatik 13:45era, Konstituzio plazan. Eta arratsalde horretan bertan, 18:00etan, Easo Abesbatzak esku-hartze ibiltaria egingo du Alde Zaharreko kaleetan, txistulariez lagunduta. Ordubete geroago, 19:00etan, Juan Ignacio Iztuetaren liburuaren mendeurrena dela eta, Gipuzkoako Dantzarien Biltzarrak egileak bere obran jasotako dantza batzuk interpretatuko ditu eta liburuko pasarteak ere irakurriko ditu.
Bestetik, Bolo Txapelketaren laugarren edizioa egingo dute Herrerako Arrobitxulo parkean. Horretaz gain, honako ekintzak ere izango dira: herensugearen jaitsiera, kahoota, Urgulleko krosa, sardinada, olerki eta bertso saioak, tokiko ekoizleen azokak, sukaldaritza lehiaketak, haurrentzako jolasak, kirol lehiaketak eta Gaztelu Eguna.
Egitarau osoa hemen kontsulta daiteke.
Joseba Larratxeren kartela
Joseba Larratxe ilustratzaileak egin du aurtengo kartela, Erromeria digitala izenekoa, eta jai hauen ikuspegi eguneratua proposatzen du. "Kartelak gure gizartearen bilakaera islatzen du, eta horrekin batera gure jaiena, XX. mende hasierako euskal margolariek landa-eremuari aitortzen zioten dotorezia jasoz, betiere irudia XXI. mendean kokatzen duten ñabardura batzuk gehituz: mutilen tatuajea eta neskaren piercing-a, dena pantaila ukigarriarekin eta arkatz digitalarekin marraztua baina adimen artifizialera jo gabe", azaldu du Donostiako Udalak.

