Gaurtik aurrera doan deskargatu ahalko diren Playstationen jokoak
Playstation Plus-en harpidedunek lau joko deskargatu ahal izango dituzte gaurtik aurrera. Beraz, bideojoko zaleek hilabetea lau jokorekin jokatzen hasteko moduan daude.
1. Sniper Elite: Resistance (PS5 ETA PS4)

Bigarren Mundu Gerran naziek okupatutako Frantzian kokatutako jokoa da, eta akzioa eta sekretupean ibili beharra ditu osagai. Erresistentziaren parte izanik, etsaien lurraldean infiltratuko dira jokalariak, haien operazioak hankaz gora jartzeko. Horretarako, jokalariak hainbat tresna izango ditu eskura, zehaztasunez tiro egiteko sistema eta X izpien kamerak barne. Bakarka joka daiteke eta baita 16 pertsonaren artean ere.
2. MLB The Show 26 (PS5)

Beisbol simulazio bideojokoa da, Estatu Batuetako beisbol liga nagusian, MLBn, eta kirol horren historian oinarritutakoa. Beisbol jokalari baten, talde baten edo klub oso baten kontrola hartzeko aukera ematen du, eta partidak jokatu, kudeaketa lanak egin eta beisbolaren historiako pasarte garrantzitsuak bizi daitezke.
3. Wobbly Life (PS5)

Hauxe da bideojokoaren abiapuntua: zure amonak etxetik bota zaitu eta lan bat topatzeko eskatu dizu, dirua irabazi eta egunen batean zeure etxea erosi ahal izateko. Mundu irekiko eta simulazioko jokoa da, fisikan oinarritua, alaia, kaotikoa eta dibertigarria. Uharte handi batean bizitza eraikitzea da helburua, Wobbly izeneko pertsonaiaren azalean. Uharte koloretsu bat esplora daiteke, era guztietako lanak egin, ibilgailuak eta ondasunak erosi... Joko kooperatiboa da, eta lau pertsonak joka dezakete nahi izanez gero.
4. Chained Echoes (PS4)

Valandis-eko fantasiazko mundura eramango ditu jokalariak. Heroi talde batek erresumetan zehar bidaiatuko du, haien artean sortzen ari den gerrari amaiera emateko. Pixel art estetika, gatazka politikoa, magia eta gerra makina handiz betetako fantasiazko mundua uztartzen ditu. Istorio nagusiak 30-40 ordu inguruko iraupena du.
Joko hauek urriaren 5era arte egongo dira eskuragarri harpidedunentzat.
