Gaurtik aurrera, Baluarte Rock jaialdia Hondarribian

Gaurtik aurrera, Baluarte Rock jaialdia Hondarribian https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gaurtik-aurrera-baluarte-rock-jaialdia-hondarribian/@@download/image/baluarte_rock_k_1374131343.jpg
2013/07/18
berria
Mendeku, Sfintters, Alambrada, Beti Gugan, Naut… Hondarribiko harrobi indartsuaren isla diren taldeek hartuko dute parte gaur hasi eta abuztuaren 15era bitarte luzatuko den Baluarte Rock jaialdian. Abuztuaren 24an, gainera, Psilocybe elkarteak 20. urteurrena ospatuko du.


16.500 biztanle inguruko herrian musika talde bikainak sortzen dira urtero, eta denborak aurrera, ontzen eta indartzen joan ahala, Euskal Herri osoko musikagintzan erreferente bilakatzea lortzen dute. Horren erakusle da Psilocybe elkarteak antolatu duen Baluarte Rock jaialdia, gaur, uztailak 18 hasi, eta abuztuaren 24ra bitarte luzatuko dena, herriko taldeek soilik hartuko baitute parte bertan.

Gaur bertan, esaterako, Mendeku eta Sfintters ariko dira Erreginaren Baluartean 19:00etatik aurrera, eta hilaren 25ean, aldiz, Alambrada eta Beti Gugan, ordu berean Apezpiku plazan. Abuztuko lehen egunean, halaber, Naut eta Kausa Perdidak eskainiko dute kontzertua Santiago Kalean, eta Luz de Putas eta Patxuko Nice taldeen txanda helduko da abuztuaren 8an, igandea, Kasino Zaharrean. Jaialdiari amaiera emateaz arduratuko dira, azkenik, Imago 4 eta Tripimonsters hilaren 15ean, igandea baita ere, Gipuzkoa plazan.

20. urteurrena
Aurten, gainera, 20 urte betetzen ditu jaialdiaren antolatzaile den Psilocybe elkarteak, eta ospakizunen artean, kontzertu festa egingo dute abuztuaren 24an Hondarribiko Zumardian. Hiru izango dira talde gonbidatuak, nor baino nor ariko direnak, beren doinuak gogor entzunaraziz: Atom Rhumba, Gaudalupe Plata eta Willis Drummond.

Eguraldia lagun, musika herritarrengana gerturatzea eta data haiekin ospatzea izango da elkarteko kideen helburua, baita ingurutik hurbiltzen direnekin ere. Has dadila showa!