Gaurko gazteak pasatzen al dira?

Gaurko gazteak pasatzen al dira? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gaurko-gazteak-pasatzen-al-dira/@@download/image/14p53-1_1370514909.jpg
2001/12/07
erreportajea
Amets Arzallus


Larunbat gauetan, Espainiako Tele 5k ez du hutsik egiten. Oso debate "interesgarria" sartua du bere programazioan, Antxon Urrusolo buru: "Moros y cristianos". Eta lehengo batean, hauxe zuten gaia : "gaurko gazteak pasatzen al dira".

Gizon batek halaxe zioen: "gaurko gazteak arduragabeak, errebeldeak, eta indarkeriazaleak dira". Eskerrik asko. "Baina lasai, gaztetasunaren gaixotasuna denborarekin sendatzen da", gehitu zuen. Eskerrak.

Droga eta alkoholaren inguruko adierazpenik ere ez zen falta izan. Gazte batek, bere lekukotasuna eskainiz, "denetarik probatu behar da", bota zuen. Ene gure zaharrak nola jarri ziren! Emakume batek oso ekarpen dotorea egin zion : "kaka denok dakigu txarra dela. Eta droga kaka baino txarragoa da". Biak probatu ote zituen?

Ororen buru, honatx hausnarketa bikain hark utzitako ale batzuk. Zahar batek esana: "gaurko gazteak lotsagabe hutsak dira. Lau kopa edan, autoa hartu, eta bidean hiltzen dira, eta okerrena da beste lau errugabe ere hiltzen dituztela". Gaztearen erantzuna: "eta kamioilariak zer? Hamalau garagardo edan, eta hamabost pertsona aurretik eramaten dituzte, eta ez da inor kexatzen!" Pentsa ezazue orduan, bat gaztea eta gainera kamioilaria bada, a zer desastre demografikoa eragin dezakeen! Apokalipsia.

Beno, eta orduan, gaurko gazteak pasatzen dira, bai ala ez? Urrusoloren saioan ohi bezala, han entzundakotik ezer gutxi ondorioztatu liteke. Guk kasu gutxi, eta lehengo lepotik burua.

Nork izan nahi du milioiduna?



Joan den urtean, bai TF1 katean eta bai Antena 3en, “Nork izan nahi du milioiduna?” lehiaketak sekulako entzutea izan zuen. Aurten, ordea, programazioetatik kendu egin dute. Nahiko ulergaitza egiten zaigu hain programa interesgarria bertan behera gelditzea. Zer dela eta kenduko ote zuten?