Gaur hasiko dituzte Baionako festak

Gaur hasiko dituzte Baionako festak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gaur-hasiko-dituzte-baionako-festak/@@download/image/20127259533bayona_kartela_osoa.jpg
2012/12/13
berria
Euskal Herriko beste hiriburuetako jaiak baino laburragoak izango diren arren, Baionako festek ez dute zertan gainerakoen inbidiarik izan. Hasiera ekitaldi ofiziala gaur izango da 22:00etan, udaletxetik hiru auzoak sinbolizatzen dituzten hiru giltza jaurtiz. Ordutik aurrera igandera bitarte jai giroan murgilduko da Baiona, arropa zuria soinean eta zapi gorria lepoan. Iparraldeko besterik jendetsu eta parrandazaleenen ospea hartu dute.

Festen 80. urteurrena da aurtengoa, eta Maddi Sarasua bertsolari itsasuarrarekin batera udaletxeko balkoian izango den pertsonaiaren izena oso ongi gorde dute antolatzaileek. Haiek emango diete hasiera festei, eta milaka pertsona bilduko dira plazan giltzen jaurtiketa ikusteko.

Iruñeako San Ferminak oinarri hartuta, lapurtarrek zapi gorria janzten dute bost egunez lepoan. Hori bai, ez dute entzierrorik izango Baionan; baina salbuespen horrez gain, gainerakoan Nafarroako hiriburuko festen antza hartu dute, eta giro bikainaz gozatuko dute bertaratuek.

Ekitaldi ofiziala iluntzean izango bada ere, goizean goizetik herri lasterketa, piper tortilla txapelketa, Euskal Borrokaren erakustaldiak, piragua eta traineru norgehiagokak eta beste hainbat ekitaldi egingo dituzte gaur bertan.

22:30etatik aurrera, halaber, doako kontzertua eskainiko dute bertako musikariek, elkarrekin lehenik, eta banaka ostean. Besteren artean Anne Etchegoyen, Alma Flamenca, David Cairol, Dounshaq, Nico Wayne Toussaint eta La Old School Funky Family igoko dira taula gainera.

Datozen egunak


Uztailak 26, osteguna
Haurren eguna ospatuko dute, eta Lehoi Erregeren ernatzea izango da eguneko ekitaldi nagusietako bat. Halaber, irekiera ekitaldiaren errepika modukoa egingo dute hiriko gaztetxoentzat.

Uztailak 27, ostirala
Besteak beste, Musikaldia egingo dute eguerdiko 12:30ean Euskal Museoan, eta beste hainbat kontzertu ere izango dira ordu berean hiriko puntu ezberdinetan. Arratsalde osoan zehar, gainera, Karrikaldiak, euskal ikuskizun sortak, hartuko ditu Baionako kaleak.

Uztailak 28, larunbata
Trikitilariak, txistulariak eta oro har, musika, entzungai izango da egun osoan zehar, eta iluntzean kontzertuak eskainiko dituzte. Karrikaldiaren baitan, dantza, musika animazioa eta kantaldiak ez dira faltako.

Uztailak 29, igandea
Baionako Pilota Txapelketako finala jokatuko dute goizeko 11:00etan trinketean, eta horren ostean herriko bandek beren ibilbideari ekingo diote. Arratsaldeko ekitaldien ostean, gauean hainbat kontzertu eta DJak entzuteko aukera izango da.