Gaur hasiko dira Iruñeko aire zabaleko zinema proiekzioak

Gaur hasiko dira Iruñeko aire zabaleko zinema proiekzioak Animazioko musika-film luzea emango dute gaur gauean. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gaur-hasiko-dira-iruneko-aire-zabaleko-zinema-proiekzioak/@@download/image/vivo-movie-review-2021.jpg
2023/08/01
Animazioko musika-film luzea emango dute gaur gauean.
Gaur hasiko dira Iruñeko aire zabaleko zinema proiekzioak

Zinema-gauak udako zinema-proiekzioak gaur hasiko dira Iruñeko Etxabakoitzeko parkean, 22:00etan, AEBtako Vivo (2021) pelikularekin. Vivo oihan tropikaleko «eztiaren hartzaren» historia kontatzen duen animazioko film musikala da. La Habanatik (Kuba) Miamira (AEB) bidaiatu nahi du abesti bat entregatzeko.

Bihar, Yamaguchi parkean, Everything Everywhere All at Once (2022, AEB, 139’) filma emango dute. Fantasiazko filma da, mundua salbatu behar duen heroi bati buruzkoa, eta hainbat genero zinematografiko lantzen ditu, multibertso kontzeptuaz baliatuz. 

Ostegunean, Mendillorriko Aintzirako parkean, Uncharted (2022, AEB, 115’) pelikula ikusi ahal izango da. Bideo joko ezagun batean  oinarrituta dago eta  munduan barna bidaiatuz bere helburua lortzen saiatzen den altxor bilatzaile baten lehen abentura kontatzen du. Bilaketa horri esker, duela denbora asko galdutako anaiarekin elkartuko da berriz ere.

Aste honetako azken proiekzioa Lezkairuko Maravillas Lamberto parkean izango da, eta euskarazko filma emango dute: DC Supermaskoten Liga (2022, AEB, 105’) animazioko komedia. Krypto superzakurra eta Superman ahalmen berak partekatzen dituzten adiskide bereiztezinak dira, eta elkarrekin ariko dira Metrópoliseko krimenen aurkako borrokan. Baina Superman eta Justiziaren Ligako gainontzeko kideak bahitu egin dituzte, eta zakurrak botereak dituzten hainbat animalia konbentzitu beharko ditu erreskate misio korapilatsu bati ekiteko.

Gaueko hamarretan izango dira emanaldi guztiak, doan.