Gaur hasiko dira Azpeitiko 41. Euskal Antzerki Topaketak

Gaur hasiko dira Azpeitiko 41. Euskal Antzerki Topaketak Goaz Antzerki Taldeak 'Salbe, publikoa' antzezlana taularatuko du gaur. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gaur-hasiko-dira-azpeitiko-41-euskal-antzerki-topaketak/@@download/image/salbe.png
2023/11/02
Goaz Antzerki Taldeak 'Salbe, publikoa' antzezlana taularatuko du gaur.
Gaur hasiko dira Azpeitiko 41. Euskal Antzerki Topaketak

Gaurtik hilaren 23ra bitarte izango da Euskal Antzerki Topaketen 41. edizioa eta euskal konpainien obrak, talde amateurrenak eta gaztetxoen lanak erakutsiko dira. Emanaldiak Dinamoa sormen gunean, Soreasu antzokian eta kalean izango dira. 

Gaur, Goaz Antzerki Taldearen Salbe, publikoa antzezlana eskainiko dute Dinamoa Sormen Gunean. Erika Olaizolak zuzendu du antzezlana, eta Josu Iriondo, Amaia Arotzena, Joseba Eskudero, Mattin Urbieta, Irati Baroja, eta Pili Litago dira aktoreak. 

Kulturaz kultur kooperatibak antolatutako sormen egonaldietan ondutako Badon* obra aurrestreinatuko dute topaketetan. Korrikak eta AEK-k antolatutako kultur sorkuntzarako beka irabazi zuen iaz. Opera du abiapuntu obrak, eta hainbat elementu biltzen ditu bere baitan, hala nola musika, dantza, hitza, irudia, poesia, eta koplak. Euskal erreferenteak hartu, errebisatu eta bidaia edo genealogia berri bat egiteko erabili dituztela azaldu du Marina Suarez zuzendariak. 

Bestetik, Azpeitiko, Errezilgo, Amezketako eta Bermeoko eskoletako ikasleek eginiko lanez ere gozatu ahal izango da, eta gaztetxoentzako Piztu! EmakumeON energia lana ere taularatuko da. 

Gainerakoan, honako antzezlan hauek ere izango dira ikusgai: Artedramaren Hondamendia; Eromen Produkzioak konpainiaren Higa; Giltxikaro taldearen Identitarteak; Pez Limboren Itsasbehera; Kamikaz Kolektiboaren Troia; Ados Teatroaren Lagun Beltz Asko; Les Bobe Bobe Elkartearen (H)ondoko gela; eta Mar Mar Teatroaren Arrainak Bihotzean.

Egitaraua hemen kontsulta daiteke.

Txotxongilo erakusketa eta tailerra
Tolosako Topic zentroarekin elkarlanean, txotxongiloen inguruko erakusketa eta tailer bat ere antolatu dituzte. Erakusketa txontxongilo antzerkietan erabiltzen diren maskaren ingurukoa da eta azaroaren 15era arte bisitatu ahal izango da. Tailerrean, berriz, txotxongilo mota desberdinak sortuko dituzte "modu erraz eta dibertigarrian". Tailerrean parte hartzeko izen-ematea zabalik dago.