Gaur hasiko da Hendaiako Guitaralde jaialdia

Gaur hasiko da Hendaiako Guitaralde jaialdia Maite Larburu, Robben Ford, Diane Tell eta Duo Jade arituko dira besteak beste. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gaur-hasiko-da-hendaiako-guitaralde-jaialdia/@@download/image/duo-jade-1.jpg
2023/07/05
Maite Larburu, Robben Ford, Diane Tell eta Duo Jade arituko dira besteak beste.
Gaur hasiko da Hendaiako Guitaralde jaialdia

Guitaralde elkarteak eta Turismo Bulegoak elkarlanean antolaturik, urtez urte izen handiko artistak biltzen dituen jaialdiaren hamabigarren edizioa egingo dute gaurtik larunbatera bitarte. Kalitatezko programazioa eskaintzeko asmoz, Robben Ford, Thomas Fersen edo Diane Tell artista ospetsuak izango dira besteak beste. Bestetik, hain ezagunak ez diren beste hainbat gitarra-jotzaile ezagutarazteko abagunea ere izango da. 

Gaur, 18:00etan, zinema gaualdia egingo dute zinegelan. Lehenik, Paco de Lucía dokumentala eskainiko da eta jarraian, pintxo potearen ostean, Jean Marie Ecay eta Pablo Fernández Arrietak Nire gitartxoari diskoa aurkeztuko dute zuzenean.

Bihar, hilak 6, Habanako Duo Jade arituko da Errepublika plazan, 20:30ean. Kubako musika tradizionalean oinarritutako EP berria aurkeztuko dute. Ondoren, 21:30ean, Patrick Manouguian, Alysce eta Moh Kouyate arituko dira Gaztelu Aretoan. 

Ostiralean, Pablo Garayoaren kontzertu klasikoa izango da Abbadia gazteluko kaperan. Gauean, 21:00etatik aurrera, Maite Larburu arituko da Gaztelu Zahar pilotalekuan eta, jarraian, 22:30ean, Robben Ford.

Larunbatean, 19:00etan, Jerome Sousa arituko da Thalassoko terrazan. Azkenik, 21:00etatik aurrera, Diane Tell eta Thomas Fersen izango dira pilotalekuan.

Bestelako jarduerak
Arrabitarien bigarren azoka ere egingo dute, musika tresnen sortzearen lanbidea ezagutzeko eta artisauekin elkar trukatzeko. Bestetik, Moh Kouyate-ren masterclass-a izango da ostiralean, Mendi Zolan kulturgunean. Aurrez eman beharko da izena Guitaralde elkartean. 

Bestalde, Guitar apéro eta Guitar after-ei esker, zaleek musika uneak luzatu ahal izango dituzte kalitatezko musika entzunez, lagun diren jatetxe, kafetegi, hotel edota merkatarienetan.