Gaur hasiko da Fipadoc dokumentalen festibala Biarritzen

Gaur hasiko da Fipadoc dokumentalen festibala Biarritzen Asier Altunak Arzak sukaldarien inguruan egindako dokumentala, eta Amets Arzallus eta Marc Parramonen 'Altsasu (Gau Hura)' eskainiko dituzte jaialdian. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gaur-hasiko-da-fipadoc-dokumentalen-festibala-biarritzen/@@download/image/2022_FIPADOC_AFFICHE_FR_H.jpg
2022/01/17

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Asier Altunak Arzak sukaldarien inguruan egindako dokumentala, eta Amets Arzallus eta Marc Parramonen 'Altsasu (Gau Hura)' eskainiko dituzte jaialdian.
Gaur hasiko da Fipadoc dokumentalen festibala Biarritzen

Gaurtik hilaren 23ra izango da martxan Biarritzeko Fipadoc nazioarteko dokumentalen festibala. Iaz hilabeteetan atzeratu behar izan zuten osasun egoera zela eta, baina aurtengoan ohiko garaian dator. 200 dokumental eskainiko dituzte eta, horretaz gain, estreinaldiak, topaketak, hitzaldiak eta bestelako ekitaldiak izango dira publikoarentzat, profesionalentzat eta ikasleentzat. 

Asier Altunaren Arzak since 1897 izango da jaialdian parte hartuko duen filmeetako bat. Arzak sukaldarien inguruko filma da, Juan Mari eta Elena aita-alabak protagonista dituena. Sukaldaritza tradizionaletik egile sukaldaritzara egindako bidea aztertzen du, Arzak jatetxearen bidez. 

Amets Arzallus eta Marc Parramonen Altsasu (Gau Hura) dokumentala ere izango da ikusgai Biarritzen. 2016ko urriaren 15eko gauean Altsasuko taberna batean jazotakoak zortzi gazteren atxiloketa eta gizarte oso baten altxamendua eragin zituen. Dokumentala 2018an hasten da, epaiketarako 100 egun falta direla, eta Altsasuko hiru gazte jada espetxean daudela. Ordutik aurrera, behaketa-ikerketa egiten dute egileek, ikuspegi eta poetiko batetik, gazteen eta inguruaren eraldaketa emozionala erakutsiz, euretako batzuen eta familiako zein inguruko zenbaiten egunerokoa jarraituz. 

Euskaraz azpititulatutako bi film izango dira jaialdian: Reconciliation eta Baby Yar. Context. Lehena, Marija Zidarren lana da eta Albaniako mendietan, familia arteko istilu baten ondorioz, 18 urteko neska gazte bat hilketa kontatzen du. Bere aita suntsitua da, bertako apezpiku batek eta GKE bateko presidenteak presio handia sartzen baitiote hiltzaileari eta bere familiari barka diezaien, kristau gisa eta antzinako ohiturek, Kanun-ak, eskatzen duen moduan. Bigarrena, berriz, Sergueï Loznitsaren dokumentala da. 1941eko irailaren 29an eta 30ean, nazien armadako bi bataloik eta Ukraniako poliziak 33771 judu hil zituzten, tokiko biztanleen inolako erresistentziarik gabe, Babi Yareko arroilan, Kievetik hurbil. Film honek tragedia honen testuinguru historikoa azaltzen du, orain arte ikusi gabeko artxibo irudien bidez.