Gaur hasiko da Errenteriako Musika Astea

Gaur hasiko da Errenteriako Musika Astea Maiatzaren 27ra arte luzatuko da jaialdia. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gaur-hasiko-da-errenteriako-musika-astea/@@download/image/Diseño-sin-título-4.jpg
2023/05/16
Maiatzaren 27ra arte luzatuko da jaialdia.
Gaur hasiko da Errenteriako Musika Astea

Musikasteren, Euskal Musikaren Astearen, 51. edizioa abiatuko da gaur egungo konpositoreen doinuak ezagutarazteko asmoz baina klasikoak ahaztu gabe. Hainbat kontzertu egingo dira Errenteriako agertokietan.

Johannes Antxieta azpeitiarrari eskainitako kontzertu batekin hasiko da musikaren astea, bere heriotzaren 500. urteurrenaren aitzakian. Errege Katolikoen Kapera Maisua izan zenaren obra eta haren garaikideena entzun ahal izango da. Carlos Mena kontratenorra eta Manuel Minguillon vihuelista izango dira oholtzan.

Bihar, ahots eta pianorako errepertorioa izango da protagonista. Olatz Saituak, Ainhoa Zubillagak eta Iñaki Salvadorrek gure kantutegiko doinu ezagunen errepasoa egingo dute, jazz estilora moldatuta.

Ostiralean, hilak 19, ganbera-musikak hartuko du lekukoa, Aita Donostiaren, Jesus Guridiren, Anita B. Idiartborderen eta Emma Chaconen lanekin. Maite Arruabarrenaren ahotsak, Aitzol Iturriagagoitiaren biolinak eta Susana G. de Salazarren pianoak interpretatuko dituzte obra hauek.

Larunbatean, Kilometroak egitasmoaren barruan, Errenteria, Hendaia eta Ziburuko ikastolen ahotsak eta instrumentuak batuko dira Errenteriako Arte Eskolarekin eta Thierry Biscary eta Sua Enparantza artista gonbidatuekin batera. Jon Maya izango da gidari, eta Maddalen Dorronsorok egingo du musika zuzendaritza.

Igandean, maiatzak 21, Errenteriako Udal Txistulari Taldeak ohiko Diana eskainiko du, eta, ondoren, kontzertua emango du Udaleko arkupetan. Parrokian, Gerardo Rifonek Manuel Gamarra, Nicolas Maria de Tolosa eta Eduardo Mocoroaren obrak interpretatuko ditu organoan. Ondoren, Luis de Elizalderen errepertorio liturgikoa aurkeztuko da Mariaren Bihotza Abesbatzaren ahotsen bitartez. Amaitzeko, Errenteriako Bandak Marcelino Amenabar, Tomás Aragüés, Tomás Asiain, Félix eta Julián Lavilla eta Florentino Peñafielen obrak joko ditu.

Jardunaldi pedagokikoak ere izango dira. Maribel Oiloa fabula musikala estreinatuko da, eta Errenteriako Herri Arte Eskolak kontzertua eskainiko du.

Maiatzaren 24an, Luis Fernández Castelló klarinetean, eta David eta Carlos Apellaniz txeloan eta pianoan arituko dira. Hurrengo egunean, Mikel Azpiroz pianistak Islak izeneko azken lana aurkeztuko du, Karlos Aranceguik baterian eta Fernando Neirak kontrabaxuan lagunduta.

Abesbatzen egunean Euskal Herriko hainbat lurraldetako taldeak izango dira: Bizkaiko Akelarre abesbatza, Gasteizko Suessatio Taldea, Barañain Abesbatza nafarra eta Errenteriako Andra Mari Abesbatza. Jon Sáenz, Juan García de Salazar, Mariano Jiménez, Urtzi Iraizoz, Laida Otaduy eta Xabier Sarasolaren obrak interpretatuko dituzte, besteak beste.

Amaitzeko, egun sinfoniko-korala izango da. Euskadiko Orkestrak eta Andra Mari abesbatza izango dira protagonista, Juan José Oconen zuzendaritzapean. Felix Ibarrondo, Anita B. Idiartborde, Francisco Escudero, Gabriel Pierné, Miguel González Bastida eta Pablo Sorozabalen obrak interpretatuko dituzte.

Hemen kontsulta daiteke programa osoa.