Gaur hasiko da Bilboko Arte Liburu Azoka

Gaur hasiko da Bilboko Arte Liburu Azoka Azokaz gain, liburu aurkezpenak, hitzaldiak, lantegiak eta kontzertuak antolatu dituzte igandera arte. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gaur-hasiko-da-bilboko-arte-liburu-azoka/@@download/image/04.jpeg
2022/12/16

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Azokaz gain, liburu aurkezpenak, hitzaldiak, lantegiak eta kontzertuak antolatu dituzte igandera arte.
Gaur hasiko da Bilboko Arte Liburu Azoka

BALA, artisten argitalpen azoka, Kunsthal Bilbaon izango da gaurtik igandera bitarte. Antolatzaileen hitzetan, "ohiko formatuetatik haratago, liburuaren inguruko esperimentazioan eta ikerketa artistikoan sakontzen duten edizio-moduak biltzen dituen azoka" da.

Berrogeita hamar postu inguru izango dira bertan eta honako hauek parte hartuko dute, besteak beste: Banizu Nizuke, Ediciones Comisura, Llamp edicions, La Mosca Ediciones,Magnolia Rare Books edota Lazo ediciones.  

Bilboko Arte Liburu Azokak “ale artistikoak erakutsiko eta salduko ditu eta musikaren alde joko du, aurkezpenez, hitzaldiz, lantegi espezializatuz eta kontzertuz beteriko programaren protagonista izan dadin. Asteburu horretan zehar, bisitariek aukera izango dute Estatuko toki guztietako argitaletxeen, fanzineen eta artisten obrak ezagutzeko eta erosteko”.

Gaur arratsaldeko lauretan irekiko dute azoka eta, 18:00etan, David Hornback-en Street Magic argazki-liburua aurkeztuko du. Ordubete geroago, Bidehuts zigiluak bere jardunaren inguruko aurkezpena egingo du, hamabosgarren urteurrenean. Bederatzietan itxiko dute azoka eta ondoren ongietorri afaria izango da.

Bihar, hilak 17, hainbat ekintzaz bete dute egitaraua. Inpresio tipografikoari buruzko tailerra, Ainara Legardonen eta Xabier Erkiziaren hitzaldiak, Mattinen Social dissonance liburuaren aurkezpena eta performancea, eta Amoranteren kontzertua izango dira jardueretako batzuk.

Igandean, berriz, kaseteen autoedizio tailerra, Agur Amante komikiaren aurkezpena, Elbis Reberren Happy Birthday diskoaren entzute-aurkezpena, eta Enrike Hurtadoaren hitzaldia izango da.