Gaur abiatuko da Big Festivala!

Gaur abiatuko da Big Festivala! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gaur-abiatuko-da-big-festivala/@@download/image/big_festival_1371108938.jpg
2013/07/17
berria
Gaur abiatuko da Big Festivala!
Miarritzek bosgarren urtez hartuko du Big Festival musika jaialdi erraldoia. Hainbat eszenatoki jarriko dituzte, eta aurtengo artista gonbidatu nagusiak Neil Young eta The Crazy Horse bere banda mitikoa izango dira. Gaur hasi eta hilaren 21era arte luzatuko den jaialdian, gainera, zortzi euskal talde ariko dira.


Eszenatokiak aire librean, hondartza alboan, kontzertuak tabernetan, aretoetan… Eguraldi ona lagun, milaka bisitari hurbilduko dira Miarritzera gaurtik aurrera, eta ez soilik hondartzaz eta paraje ederrez gozatzera, baita nazioarteko nahiz bertako musikari arrakastatsuen kontzertuak entzutera ere.

Ohartu orduko, bosgarren edizioa du aurtengoa Big Festivalak, eta urtero legez, talde bikainak gonbidatu dituzte: Neil Young & The Crazy Horse, Wu-Tang Clan, Two Door Cinema Club, The Bloody Beetroots, Orelsan eta BreakBot, tartean. Estilo eta jatorri aniztasuna izango dira nagusi, antolatzaileek eskaintza zabala aurkezteko egin duten esfortzua agerian utziz.

Bertatik
Baina mundu mailako ospea eskuratu duten taldeez gain, gure artean indartsu ari diren eta beren lekua egin duten hainbat artista ere hurbilduko dira Miarritzera egun horietan. Anai Arrebak, John Berkhout, Grises, The Dedicated Nothing, Triz3ps, Alex Del Toro, 2Lovers DJs eta Odei dira zortzi talde aukeratuak, eta egun eta eszenatoki ezberdinetan entzuteko aukera izango da.

Tiketak salgai dira dagoeneko jaialdiaren webgunean, eta egun bakoitzeko sarrerek 25 eta 60 euro artean balio dute. Aldiz, hiru eguneko pasea erosi daiteke, prezio merkeagoan. Informazio guztia, Big Festival webgunean.