Gauaren altzoan

Gauaren altzoan https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gauaren-altzoan/@@download/image/29p26-1_1369221590.jpg
2003/04/04
erreportajea
Ainhoa Irazu
Asteburua da. Gaua. Jende gehiena oheratzear da, baina gauaren iluntasunak erakarrita, neska-mutil gazteok kalera goaz. Zertara? Zeren bila atera ohi gara gazteok gauez? Zerk bultzatzen gaitu gauaren altzora? Gauaren misterio ilunean murgildu gara.

Etxe gehienetako argiak itzalita daude, baina hala ere, taberna, pub, diskoteka eta bestelakoen argiek gazteok sorgindu gaituzte eta beraz, kalera irteteko prestatzen hasi gara. Amak edo aitak "ez hadi berandu bueltatu" esango digu etxe ataritik. Eta ondoren, gauaren iluntasunean galduko gara, batzuk egunsentira arte, banpiroak balira edo bagina bezala.

Astebururo Euskal Herriko herri askotan errepikatzen da irudi hau, eta ziur asko, urte luzez errepikatuko da. Izan ere, soziologoen arabera, gaua gaztea da, eta gaztea izango da beti, hori ez dago aldatzerik. "Gaua askatasunarekin lotzen dute gazteek eta, oro har, jendea ezagutzeko eta sozializatzeko erabiltzen dute", esan digu Olatz Berastegi sexologo nafarrak.

Antza denez, bizilagun mihiluzearen, guraso tematien edota irakasle estuaren begiradapetik urrun, askeago sentitzen gara nahi duguna egiteko. Ondorioz, horiek guztiek oherako bidea hartzen dutenean, kalerako bidea hartzen dugu guk. Kontrako espirituak bultzatuta ote?

Gaztetasunaren zurrunbiloa

Jarrera konformagaitzak ez ezik, bestelako arrazoiek ere bultzatzen gaituzte gaua gurtzera. Psikologoen arabera, jendea ezagutzeko gogoak, sexualitateak berak, gure kontuak kanporatu beharrak… bultzatzen gaitu. Gure barruan sentitzen dugun zurrunbiloak, finean.

"Gazteek, pertsona guztiek bezala, sexualitatea dute, eta adinaren bizipenengatik, desioa edo nahia pil-pilean dute. Gainera, jendea ezagutzeko gogoa dute. Gizarteak, berriz, ez du gazteen sexualitatea onartzen, eta plazerra bizitzeko bideei oztopoak jartzen saiatzen da. Horregatik, gazteek gaua beren eremu bihurtu dute" , dio Berastegik.

Hortaz, gaua sexurako, harremanetarako eta ondo pasatzeko tartea da, baino zerbait gehiago ere bada. Hala dio, behinik behin, S.A. musika taldeko abeslari Juanek. "Gauak egunerokotik ateratzeko eta ondo pasatzeko aukera ematen du. Neskatan ibiltzeko edo dibertitzeko, egunak baino tiradizo handiagoa du gauak. Izan ere, jendeak, gauez, jarrera irekiagoa du ligatzeko eta ondo pasatzeko".

Musika, sexua eta pizgarriak

Hau dena entzunda, banpiroen gaitza batere arraroa ez dela ondorioztatu dugu. Egunak ez badu ematen, gauez saiatu beharko… Hala ere, mota honetako banpirook badugu ezberdintasunik filmetakoekin: adibidez, odola xurgatu beharrean, kalimotxoa eta bestelakoak xurgatzen ditugu.

Lanaren Nazioarteko Erakundeak egindako txosten baten arabera, "gaua arau moralak apurtzeko tokia da gazteentzat", eta gazteen gaueko abentura zoroak "musikarekin, sexuarekin eta droga edo pizgarriekin lotuta daude". Adituen arabera, alkoholak eta beste droga batzuek segurtasun sentsazioa ematen dute eta batzuetan harremanetarako bidea errazten dute. S.A.-ko abeslaria ere iritzi berekoa da: "Alkoholak eta bestelako pizgarriek lotsa galtzea eragiten dute. Horregatik, hartzen dituzte gazteek, errazago ligatu dezaketeelako, alegia".

Neurria hartzea

Dena den, alderantzizkoa ere gertatzen da sarri, zurrutari neurri gabe ematen diogunean, esaterako. Izan ere, sekulako mozkorrarekin, ezin sexu kontuetan fin ibili: "Too drunk to fuck", dio Dead Kennedys AEBetako punk talde mitikoaren kantu batek. Hain zuzen ere, alkohola eta pizgarriak dira gauaren arrisku nagusiak, batik bat neurriz hartzen ez dakigunean.

"Gaua neskatan edo mutilatan ibiltzearekin lotuta dago, eta gazteek esperentzia horiek bizi nahi dituzte. Gizarteak gauarekin lotuta dauden zenbait ohitura bultzatzen ditu; alkohola edatea, adibidez. Ohitura hauek beste pertsonekin harremanetan sartzeko tresna bezala erabili ohi dira. Baina, sozializatzeko eta sexualitatea bizitzeko esparru berriak nahi baditugu, gazteok eraiki beharko ditugu", adierazi digu Berastegi sexologoak. Donostiako Udal Gazteri teknikari Miren Manzisidorren hitzetan, ordea, "gazteen ohiturak aldatzea oso zaila da".

Unea bizi nahian

Argi dago gazteok gauez ditugun portaeretako asko, eta gauez ateratzera bultzatzen gaituzten arrazoi nagusiak sexuarekin eta harremanekin lotuta daudela. Ondo pasatzea eta kontrol eza ere aipatu ditugu. Eta bada beste arrazoi bat: Lanaren Nazioarteko Erakundeak dioenez, gazteok geroari baino orainari erreparatzen diogu, hau da, gure egiten dugu "carpe diem" ("unea bizi") esaldi ospetsua. Amaitzeko, gauak misterio kutsua ere badu: "Gauak egunak baino xarma handiagoa du gazteentzat, misterioa da beraientzat, egunsentira bitarteko orduetan gerta daitekeenaren misterioa", dio Manzisidorrek. Ez da harritzekoa, beraz, gauaren isiltasuna zarata bilakatzea. Banpiroen beste dohainetako bat.

Parrandarako kit-a



Gauez atera behar al duzu? Ongi afaldu (kalimotxoek tripa beteta aurki dezaten), ongi presta zaitez, eta kalera! Jarraian, gau ero bat pasatzeko beharrezkoa den guztiaren berri emango dizugu.

-Tapoiak; agian, kontzertua zaratasua izan daiteke.
-Txanoa; nork daki noiz ligatuko duzun.
-Komuneko papera edo paperezko zapiak; ondotxo dakigu denok nola egoten diren ostatuetako komunak...
-Ordezko kulero eta kantzontziloak, eta sexy-ak badira, hobe.
-Eguzkitarako betaurrekoak, egunsentia azkarregi iristen da eta.
-Hortzak garbitzekoa, amak etxerako bueltan zer edan duzun igarri ez dezan.
-Txiskeroa eta erretzeko papera, edozein aitzakia da ona ligatzen hasteko.

Eta ilbetea dagoenean?


Ilargiak gizakiengan eragin handia duela esan ohi da. Mitoa ala egia biribila? Ikertzaileen arabera, egia biribila. Ilargia Lurretik 384.000 kilometrora dagoen arren, eragin handia du guregan. Esaterako, sexu harremanetan du eragina.Erromantizismoa eta bikotekidearenganako grina areagotu egiten dira ilgoran edo ilbetean, batik bat emakumeen artean. Honen adierazle da antzina gurean gertatzen zena: emakume birjinek debekatuta zuten ilbete zenean kalera bakarrik ateratzea. Tentazioa saihesten duenak…

Bestalde, ilargiak eragin handia du ametsen eta fantasiaren munduan. Hori dela eta, adituen arabera, ilbetean, batzuetan, bikotekidea perfektutzat jo ohi dugu, bereak ez diren ezaugarriak emanez. Horregatik, ilbeteko maitasun abenturak ez omen dira iraunkorrenak. Ilbetean kontuz ibili gero, izan ere, aukeratutako bikotekideak ezustekoa eman diezazuke; maitagarria zirudien neska-mutila munstro bilaka daiteke eta.