Gatom musikariak 'A' lana kaleratu du

Bermeoko Gatom artistak hip hop munduan hasi zuen bere ibilbidea 2010.urtean, 20 urte zituela. Bere lehenengo lana hurrengo urtean aurkeztu zuen, 2011n, eta beste hiru maketa kaleratu zituen 2015.urtean. Akaba ekoizle eta DJarekin elkartu eta elkarlanean hastean, bost lan argitaratu zituen: Kostako Vibes, Binomio, Bueltan Gatoz, EuskalSkillz eta Bass Country.
Orain A izeneko lana plazaratu berri du musikari bermeotarrak. Sortzaileak azaldu duenez, A izenburua abiapuntuaren ikuspuntutik aukeratu du, "bide berrien sorrera eta bide zaharren birsorkuntza" islatzeko. Zazpi abestiz osatutako lan berriak genero musikal desberdinetatik bidaiatzeko gonbita egiten dio entzuleari, rap, reggae, afrobeat, dancehall eta drill estiloak uztartzen baititu. Erritmo eta soinu afrikarren eta dancehall jamaikarraren eragina ere badauka, eta gizarte gaiak lantzen ditu letretan.
Lan hau Mauritanian ekoiztu, grabatu eta nahastua izan da, artistak 2021eko urte bukaeran bertara egindako bidai batean, eta masterra Bermeon kokatutako Kostako Vibes estudioetan masterizatu da.