Gatibu: “Musikaren egoera gero eta larriagoa da"

Gatibu: “Musikaren egoera gero eta larriagoa da" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gatibu-musikaren-egoera-gero-eta-larriagoa-daquot/@@download/image/28p10-1_1369680399.jpg
2003/03/07
elkarrizketa
Julen Azpitarte
Gatibu: “Musikaren egoera gero eta larriagoa da"
Gatibu taldearen "Zoramena" diskoa iazko ezustekorik handienetakoa izan zen. Taldekideen artean Alex Sardui Exkixu-ko kantari ohia dugu. Exkixuk arrakasta handia lortu zuen rocka eta folka uztartuz. Gatibuk ez du nahasketa hori bazterrean utzi, baina soinua gogorragoa da. Hilaren 7an estreinako kontzertua eskainiko dute Bilboko Kafe Antzokian. Sarduirekin aritu gara solasean.

Exkixu desegin zenetik eta Gatibu martxan jarri arte, zertan ibili zara?
Exkixu duela bost urte desagertu zen, eta orduz geroztik, bizitzaren beste kontu batzuei eman diet garrantzia. Denda bat ireki dut Gernikan, esaterako. Bestalde, Ikastola Elkartearentzat eta Labairu argitaletxearentzat diskoa grabatu genuen, Jon Artetxeren agindupean: "Txulufrina eta Arrosa". Horixe da bolada horretan musika arloan egindako gauza bakarra.

Musika mundutik kanpora egon zaren tarte horretan, zelan ikusi duzu Euskal Herriko musika? Fermin Muguruzak dio musikazaleek nostalgia dutela...
Ez diot Fermini arrazoia kenduko. Bai, musikazaleen artean bada halako nostalgia. Baina, arrazoi onek eragiten dute beti nostalgia, eta hori ona da. Bestalde, oro har, musika giroa ez dago ondoegi. Musikaren eta, oro har, kulturaren egoera gero eta larriagoa da. Ez dago erakundeen laguntza askorik eta talde gehienen arazoa lokal falta da. Lokalak izanez gero, askoz ere musika gehiago egingo litzateke.

Zaila da kantu biribilik egitea eta konposizioa behar bezala lantzea. Kantugile ontzat al duzu zeure burua? Zeintzuk dira zure musikari gustukoenak?
Konposizioa urteekin lantzen da. Taldean, adibidez, hasierako ideari gogor eusten diogu eta ez dugu askorik lantzen. Kantu freskoagoak irteten dira eta! Horrela, abestia hobeto lantzen da.  Bestalde, neure burua ez dut kantugile moduan ikusten. Zaletasuna dut, eta horretan ematen dut denbora. Abestigile asko ditut gogoko, baina ez dut izenik emango; musika oso ona egiten da munduan.

Zelan gauzatu da Gatibu proiektua? Taldekideok zelan ezagutu zenuten elkar?
Haimarregaz ikastolen aldeko diskoa grabatu nuen. Haimar eta biok berri berekoak gara, eta berarekin oso gustura aritzen naiz. Ondoren, Mikel baxu jolearengana jo genuen maketaren bat grabatzeko, eta azkenik, Santutxura joan ginen Gaizka bateria jolearengana.

Soinua gogortu egin duzue "
Zoramena" diskoan. Orain, gitarren soinua nabarmenagoa da. Zahartzearen ala haserreago sentitzeraren ondorioa? Edo, beharbada, Haimarren jotzeko modu gogorra?
Haimarren jotzeko modu gogorra, zuk diozun bezala, eta adinak dakarren haserrea; biak batera.

Musika tresnei dagokienez, tradizionalak eta elektrikoak uztartzearen aldekoa al zara oraindik? Ez al zaitu formula horrek apur bat nekatu?
Formula horren aldekoak gara. Ondo geratzen dela uste dugu. Albokarentzat espreski zati batzuk gorde ditugu diskoan eta tresnak berak eman dio gozotasun ukitua diskoari. Uztartze horrek ez nau nekatzen, beste gauza batzuek nekatzen naute.

Elkarrizketa batean Rolling Stones-en eragina aipatu duzu. Euskal Herriko entzuleek bertako taldeei baino ez dietela erreparatzen esan ohi da. Hala uste al duzu?
Gaztetan, askotan entzuten nituen Rolling-ak, eta haien eragina uka ezina da; Mick Jagger miresten dut gehien. Bestalde, euskal musikan erreferentzia onak daude. Gazteen kasuan, eskura dutena entzuten dute, eta euskal musika oso hurre dute. Euskal musikariek badakite hori.

Harrera ona izan du Gatibuk. Exkixuren eraginarengatik izan al da? Talde horren itzalaren zama oraindik bizkarrean eramateak nekatu egiten al zaitu?
Exkixuren eragina beti izango dugu, eta Exkixurengatik ez balitz, ni ez nintzateke agertokietan saltoka ibiliko. Baina, taldekideak ere beste talde batzuetan ibiliak dira —Frick, Noiz...— eta euren ekarpena ere ona da taldearentzat.