GATIBU: "Gustatuko litzaiguke beste 20 euskal talde ere gorenean egotea"

GATIBU: "Gustatuko litzaiguke beste 20 euskal talde ere gorenean egotea" Atlantikoa zeharkatu eta distantzia hartzeak ematen duen perspektiba aldaketaz baliatuta, Gatibu taldeak 'Azken indioak' beren ibilbide oparoko zortzigarren diskoa argitaratu berri du. Texasen izan da laukotea, Sonichranch estudioetan; bertan, lehen aldiz jarri dira Santi Garcia (Standstill, Nueva Vulcano, Delorean, La M.O.D.A…) ekoizlearen eskuetan. Emaitza? betiko Gatibu, baina era berean, soinu berriekin; abentura honek ekarri dizkien aldaketez, Mexikoz eta margaritez hitz egin dugu Alex Sardui eta Gaizka Salazarrekin. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gatibu-gustatuko-litzaiguke-beste-20-euskal-talde-ere-gorenean-egotea/@@download/image/gtb-ai-promo-web-1.jpg
2018/12/20
elkarrizketa

Ane Urrutikoetxea

Atlantikoa zeharkatu eta distantzia hartzeak ematen duen perspektiba aldaketaz baliatuta, Gatibu taldeak 'Azken indioak' beren ibilbide oparoko zortzigarren diskoa argitaratu berri du. Texasen izan da laukotea, Sonichranch estudioetan; bertan, lehen aldiz jarri dira Santi Garcia (Standstill, Nueva Vulcano, Delorean, La M.O.D.A…) ekoizlearen eskuetan. Emaitza? betiko Gatibu, baina era berean, soinu berriekin; abentura honek ekarri dizkien aldaketez, Mexikoz eta margaritez hitz egin dugu Alex Sardui eta Gaizka Salazarrekin.
GATIBU: "Gustatuko litzaiguke beste 20 euskal talde ere gorenean egotea"

Nolakoa izan da 'Azken indioak' ozeanoaren bestaldean grabatzeko esperientzia?

Gaizka Salazar: Bada orain arte egin dugunaren jarraipena, eta era berean, salto bat gure ibilbidean, bai fisikoa eta baita mentala ere. Texas eta Mexiko arteko ranchoan egon ginen astebetez sartuta, buru-belarri lanean; inoiz baino gehiago landu ditugu soinuak, eta hori berehala nabarituko dute entzuleek, dudarik gabe.

Alex Sardui: Bai, instrumentu gehiagorekin egin dugu lan, hor sartu ditugu haizeak, pare bat sintetizadore... Esan ohi digute gure abestiak pare bat aldiz entzun behar direla buruan sartu eta ñabardurak sumatzeko, baina oraingoan grabaketa ezagutzen ez genuen leku batean egin dugu, eta beste ukitu bat du emaitzak.


Gatibu taldea Santi Garcia ekoizlearekin.

Aipatu duzue ez zaizuela errepikatzea gustuko, eta urtetan mota guztietako gaiak kantatu dituzue; zer gelditzen da esateko?

A. S.: Asko! Kalean topatzen dugunak inspiratzen gaitu, lagunekin ditugu elkarrizketak... oraingoan, esango nuke lotsa guztiak uxatu eta letrei beste buelta bat eman diegula. Maitasunaz hitz egin dugu, sexuaz, Erriberaz, euskal kulturaz, bullying-az... hausnarketa sakona egin dugu diskoa osatzeko. Munduaren bestaldean geundela kontziente izan gara euskaldunak azken indioak garela Europan; integratuta gaude, eta aldi berean, munduari begira. Euskaldunok nortasuna mantendu behar dugu, baina aldaketei ateak zabalduz.

G. S.: Azken indioen metaforak berdin balio du euskal musikagintzan gabiltzanok deskribatzeko. Sortzaile izateak badu biziraupen kutsu hori...

 

"Mugimendu kultural oparoagoa egon beharko luke gurean, eta kontsumo ohiturak aldatu, talde berriei aukera eman...".

 

Euskal musikagintzan ere azken indioak dabiltza beraz?

G. S.: Guk badugu ibilbidea eta urtetan landu eta zaindutako publikoa; baina hasten ari diren talde berriek zailtasun handiak dituzte euskal musikagintzan leku bat egiteko. Ez dago espazio nahikorik, ez laguntzarik. Eskerrak sare sozialak existitzen diren...

A. S.: Sormen aldetik ordea bai, aukera pila dago; baina egia da egun zaila dela txikitik handira pasatzea. Diskoetxeak ere ez daude oso irekita... Egia esan, oso eskertuta gaude urte guzti hauetan horren publiko zabalari iristeko aukera izan dugulako. Dena den, asko gustatuko litzaiguke gure parean beste 20 euskal talde ere gorenean egotea; oso onuragarria litzateke, bai guretzat eta baita euskal kulturaren osasunarentzat.

G. S.: Erabat ados; mugimendu kultural oparoagoa egon beharko luke gurean, eta kontsumo ohiturak aldatu, talde berriei aukera eman... horretan ere, udalek eta gobernuak asko egin dezakete.

 

"Texaseko estudioan soilik musika sortzera dedikatu gara, distrakziorik gabe".

 

Panorama ikusita beraz, poztekoa izango da "sarrerak agortuta" kartelak jartzen jarraitzea, ezta?

A. S.: Noski! Lehen arrakastak ilusio handiz bizi genituen, eta orain, ardura handia sentitzen dugu lortutako maila hori mantentzeko.

G. S.: Hala da, nik ere ardura hitza aipatuko nuke. Publikoak eskatzen digun maila ematen jarraitzeko ardura. Egungo kontsumo ohiturekin, gainera, hori zailagoa da... egun, dena salduta dago 3 minutuko abesti bakarrarekin. Arrakasta ala porrota hor neurtzen da.

 

 

Texaseko estudioak beraz, zertan lagundu dizue lan berria egiterakoan?

A. S.: Oso aberasgarria izan da astebetez soilik musika egiten ibiltzea. Estudioan nahi genituen instrumentuak aukeratzeko aukera izan dugu, eta soilik musika sortzera dedikatu gara, distrakziorik gabe. Gainera, lehen aldiz ekoizle batekin egin dugu, Santi Garciarekin, eta oso esperientzia ona izan da.

G. S.: Nire ustez ondo funtzionatzen du horrela lan egiteak, dena jarraian, atsedenik gabe. Euritan dantzan abestian ere ala egin genuen lan, eta oso ondo funtzionatu zuen.

Eta ez duzue bertatik ezer ekarri zuekin? Texaseko azentua bederen?

Biak: -Barreak- Ez! Baina esan behar dugu primeran ospatu genuela diskoaren amaiera... azken egunean Ciudad Juarezen amaitu genuen estudioko langile mexikarrekin; han badago Kentucky izeneko taberna, eta benetan bertan egiten dituztela munduko Margarita onenak!

Ondo ospatuta orduan! Eta zer eskatzen dio Gatibuk datorren urteari?

G. S.: Taldea ondo dago, osasuntsu, indartsu, disko berriaren birarekin hasteko prest. Lehen kontzertuak eman ditugu, eta jasotako sentsazioak oso onak izan dira. Gabonetan atseden hartzeko behar handia dugu, badakizu, Durangoko Azoka, diskoaren kaleratzea... baina datorren urtea kementsu hasiko dugu.

A. S.: Nik uste dut Gatibutik beti jakin dugula nahiko ondo zer egiten ari garen, eta gure arteko harremanak beti izan dira onak. Izan ditugu gure une zailak, baina hitz eginez eta hausnartuz aurrera egiteko indarra izan dugu, eta gogotsu gaude jarraitzeko. Disko berriarekin errrodaje pixka bat falta zaigu, baina hori kontzertuekin etorriko da!