Gasteizko zeruetako txoria

Gasteizko zeruetako txoria https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gasteizko-zeruetako-txoria/@@download/image/38p36-1.jpg
2004/02/06
erreportajea
Ainhoa Irazu
Gasteizko zeruetako txoria
Heraclio Alfaro Fournier ingeniari eta pilotu gasteiztarra munduko piloturik gazteena izan zela esan ohi da; 18 urterekin lortu zuen titulua. 1913an Hego Euskal Herriko lehen hegazkina eraiki zuen Alfarok. Eta duela 90 urte, Gasteizko zerua zeharkatu zuen hegazkin horretan.

1910ean jaso zuen pilotu titulua Heraclio Alfaro Fournierrek, Frantzian. Abiazioaren sukarra pil-pilean zegoen gurean garai hartan. Lehen hegaldia AEBetako Wright anaiek egin zuten 1903an, eta zeresan handia eman zuen mundu osoan. Euskal Herrian ere ikusmira piztu zuen zerua zeharka zezakeen tramankulu hark. Eta XX. mendeko lehen hamarkadan lehendabiziko erakustaldiak antolatzen hasi ziren: Durangon, Iruñean, Donostian, Bilbon, Miarritzen… Testuinguru hori aurkitu zuen Alfarok etxera bueltan. Lakuako Hegazkin Eskolan hasi zen lanean, eta berehala hegazkin bat egiteko ideia hasi zitzaion buruan bueltaka. Pentsatu eta egin; 1913. urterako lehen hegazkina prest zuen. 

"Alfaro" motorraren aita
1914ko udaberrian, Gasteizko zeruak zeharkatu zituen pilotuak; aho bete hortz geratu ziren gasteiztarrak. 1916an bigarren hegazkina egin zuen, eta harekin Bartzelonako kopa irabazi zuen 1918an, Lehen Mundu Gerran aritutako pilotuei aurrea hartuta. Ondoren, ingeniari ikasketak egin zituen AEBetan. Handik aurrera Alfaroren ibilbidea oparoa izan zen: AEBetako armadak antolatutako lehiaketa irabazi zuen, ikerketa lanak egin zituen hainbat gunetan, aeronautika konpainia handienekin lanean aritu zen… Bere ekarpenen artean, aipagarriak dira bere izena daraman motorra — "Alfaro"—, egungo hegazkinen aurrekari "Air King"-a eta "Baby Motor" hegazkin arina.

Heraclio ez zen bakarra izan



Heraclio Alfaro Fournier dugu Euskal Herriko pilotu aitzindari ezagunena. Hala ere, joan den mende hasieran, beste euskal herritar batzuek ere zerua zeharkatu zuten. Esaterako, Manuel Zubiaga algortarrak Algorta-Miarritze ibilbidea egin zuen 1913an. Ruiz de Alda Lizarrako militarrak Atlantikoa zeharkatu zuen 1926an. Ezin aipatu gabe utzi Bilboko klub aeronautikoko kide Juan Antonio Ansaldo eta Jose Luis Aresti eta Miarritzeko “Ailes Basques” izeneko klub-eko Paul Lazari.