Gasteizko Txosnetako Banda Lehiaketan parte hartzeko izen-emate epea zabaldu dute

Gasteizko Txosnetako Banda Lehiaketan parte hartzeko izen-emate epea zabaldu dute Parte hartzeko epea martxoaren laura arte egongo da irekita, eta finala apirilaren 7an egingo dute Jimmy Jazz aretoan. Irabazleak txosnagunean joko du hiriko jaietan. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gasteizko-txosnetako-banda-lehiaketan-parte-hartzeko-izen-emate-epea-zabaldu-dute/@@download/image/banda lehiaketa albiste.jpg
2022/01/25

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Parte hartzeko epea martxoaren laura arte egongo da irekita, eta finala apirilaren 7an egingo dute Jimmy Jazz aretoan. Irabazleak txosnagunean joko du hiriko jaietan.
Gasteizko Txosnetako Banda Lehiaketan parte hartzeko izen-emate epea zabaldu dute

Gasteizko Txosnek adierazi dutenez, "dagoeneko bi urte dira txosnarik ezin izan dugula jarri, ez Gasteizko jaietan eta ez ezfestetan. Duela bi urtekoa berezia izan behar zuen guretzat Gasteizko txosnek 40 urte bete behar zituztelako. Guk geureari helduko diogu, eta motorrak berotzen hasi nahi dugu". Hain zuzen ere, giroa berotzen hasteko, urteko lehen ekimena aurkeztu dute: Gasteizko Txosnetako Banda Lehiaketa. 

Lehiaketaren helburua talde ez-ezagunei eszenatoki gainean aukera bat ematea izango da. Euskal Herriko taldeek edota jatorri euskal herritarra duten taldeek har dezakete parte bertan, diskoetxeren batekin indarrean dagoen kontraturik ez dutenak. Interesa dutenek martxoaren 4ra arte eman dezakete izena Gasteizko Txosnen webgunean, inprimakia beteta. Izena ematen duten taldeek gutxienez hiru abesti (horietatik bat euskaraz izan beharko da) eta gehienez bost abesti (horietatik bi euskaraz izan beharko dira) igo beharko dituzte. 

Jasotako material guztia aztertu ondoren, zortzi talde sailkatuak iragarriko dituzte eta martxoaren 10etik 20ra bozketa fasea zabalduko da. Guztira lau talde igaroko dira finalera; ikuslegoaren bozken bidez hautatuko da bat eta gainerako hirurak Gasteizko Txosnak hautatuko ditu. Horietako bat, gutxienez, arabarra izango da, eta beste bat, gutxienez, kideren bat behintzat emakumezkoa duena.

Lau talde finalistek zuzeneko kontzertua eskainiko dute apirilaren 7an Jimmy Jazz Gasteiz aretoan. Lau horietatik garaile izendatzen dutenak, berriz, Gasteizko Txosnetan jotzeko aukera izango du, jaietako egun batean. Horrez gain, 500 euroko saria ere jasoko du talde irabazleak.

Oinarriak hemen kontsulta daitezke osorik.