Gasteizko Marrazki eta Ilustrazioaren Azoka birtuala

Gasteizko Marrazki eta Ilustrazioaren Azoka birtuala Gaur irekiko dute 40 ilustratzaileren lanarekin osatutako azoka birtuala eta aurrez aurreko azoka, berriz, abenduaren 17an izango da. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gasteizko-marrazki-eta-ilustrazioaren-azoka-birtuala/@@download/image/bannerMZK2021cartel_web.jpg
2021/11/26

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

 

Gaur irekiko dute 40 ilustratzaileren lanarekin osatutako azoka birtuala eta aurrez aurreko azoka, berriz, abenduaren 17an izango da.
Gasteizko Marrazki eta Ilustrazioaren Azoka birtuala

Mazokak, Gasteizko Marrazki eta Ilustrazioaren Azokak, gaur irekiko du merkatu birtuala, VII. edizio honetan hautatutako 40 mazokalarien lan grafikoa ikusarazteko. Parte-hartzaileen artean daude ilustrazioaren Euskadi sariaren irabazlea den Miren Asiain Lora eta haren "poesia grafikoa”, eta Nader Sharaf eta Mar Ferrero, argitalpenaren, haur eta gazte literaturaren eta publizitatearen alorretan ibilbide luze eta sendoa egin dutenak. Proposamen alternatiboak ere izango direla iragarri dute, hala nola Daniel Diaz fanzine egilearena. 

Maite Gurrutxaga izango da artista gonbidatu nagusia.  Anuska Graphic diseinu-estudioak ikusizko identitate oso bat sortu du haren lanaren inguruan, omenaldi gisa, "haren aparteko estilo grafikoa auzotasun, hurbiltasun, bizikidetza eta elkarlanaren balioekin konbinatuz".

Azoka birtuala ez ezik, aurrez aurrekoa ere egingo dute, ordea. Abenduaren 17tik 19ra izango da Montehermoso kulturunean. Jarduera-programak, lantegiak, bisita gidatuak, liburu eta komikien aurkezpenak, musika-emanaldi ilustratua, dantza-emanaldia eta beste hainbat kontu izango dira aurrez aurreko azokan. 

Hori baino lehen, Hari batetik zintzilik erakusketa paratuko dute garai bateko ur-biltegian. "Oihal ilustratuen basoan" VII. Mazokaren protagonista diren egileen lana ikusi ahalko da. Abenduaren 3tik 26ra arte izango da erakusketa irekita. Horretaz gain, abenduan bisita gidatuak egingo dituzte arte-batxilergoetako ikasleentzat eta arte, diseinu, eta ilustrazio eskoletako ikasleentzat.