Gasteizko Marrazki Azoka bihartik aurrera izango da martxan

Gasteizko Marrazki Azoka bihartik aurrera izango da martxan Askotariko lanak izango dira postuetan eta bestelako ekintzak ere izango dira, musikarekin lotutakoak tartean. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gasteizko-marrazki-azoka-bihartik-aurrera-izango-da-martxan/@@download/image/foto_mazoka_2-scaled.jpg
2022/12/15

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Askotariko lanak izango dira postuetan eta bestelako ekintzak ere izango dira, musikarekin lotutakoak tartean.
Gasteizko Marrazki Azoka bihartik aurrera izango da martxan

“Mazoka Bertan da!” lelopean, Gasteizko Marrazki Azokaren zortzigarren edizioa izango da bihartik igandera bitarte, Montehermoso Kulturunean. 40 mazokalarik hartuko dute parte eta gasteiztarrei beren lanak erakutsi ahal izateko postua izango dute prest.

Teknika, euskarri eta neurri askotariko lanak izango dira azokan, guztiak edizio mugatuan egindakoak: zeramika, eskuz margotutako zapatilak, adabaki edo izerditako ilustratuak; bitxiak, baxera, alfonbrak, beldurra kentzeko lanparak, posterrak eta eranskailuak; serigrafia, risografia, sakongrabatua eta litografia; artistaren liburuak, pop up liburuak, haurrentzako liburuak, historiakoak, komikiak edo fanzineak; infografia zientifikoak, egurrean egindako ilustrazioak, erlojuetako antzinako piezetan edo era askotako erremintetan egindakoak; mapak, katiluak, azulejuak, dioramak eta pokerreko kartak; washi tapeak eta giltzatakoak; kuxinak, ezpainzapiak, mantalak, karterak eta neska-soinekoak; Mexikoko gozo ilustratuak, hiriko harriak, matrioxkak, egutegiak eta papertegiko era guztietako objektuak: agendak, koadernoak, postalak eta abar. 

Ilustrazio munduko hainbat profesional elkartuko dira bertan, tartean Mar Ferrero (Madril), Celsius Pictor (Ourense), Bea Enríquez (Madril), Xabier Casals (Andorra), Mar Villar (Alacant), Mario Jodra (Zamora), Nuria Hernández (Bilbo),  Jenni Kärnä (Finlandia). Horiez gain, Miren Asiain Lora iruindarra, eta Lucía Cámara, Patricia Nagashiro, Helena Malvido eta Jon Caro gasteiztarrak eta 2022an beka eskuratu duen IDearteko ikaslea, Maider Leturiaga izango dira azokan.

Bestelako jarduerak
Carolina Queipo Gutierrez doktoreak Mendebaldeko musikaren historiari buruzko hitzaldia eskainiko du. Bestetik, saxoa, gitarra eta bateria oinarri izango dituen jam sessiona egingo dute. Haurrentzat, musika, konposizioa, collagea eta ilustrazioa elkartzen dituen MusiKollageko tailerra izango da, eta Mazokak Musas eta Fusas taldeak IpuinKantalariak ikuskizun musikatua eskainiko du.

Bestalde, jaialdiak iraungo duen hiru egunetan, Montehermosok Inge Conde konpositoreak eta ilustratzaileak egindako MD 60-66 lana izango du ikusgai. Azkenik, ilustrazioko profesionalentzako eta ikasleentzako jardunaldia antolatu dute: ‘Hau ez da akordeoi bat, nire marrazketa-koadernoa da’. Enkoadernazio-tailerra, bisita gidatuak, aurkezpenak, sinatze-ekitaldiak, ilustramatoia eta sormena izango dira egitarauan.