Gasteizko liburutegi sareak ‘Liburu Egunak' jarriko du martxan bihartik aurrera

Gasteizko liburutegi sareak ‘Liburu Egunak' jarriko du martxan bihartik aurrera Miren Agur Meabe, Mikel Santiago, Txani Rodriguez, Julio Llamazares, Isabel Martin eta Eider Rodriguezek hartuko dute parte. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gasteizko-liburutegi-sareak-2018liburu-egunak-jarriko-du-martxan-bihartik-aurrera/@@download/image/albiste liburu.png
2022/04/04

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Miren Agur Meabe, Mikel Santiago, Txani Rodriguez, Julio Llamazares, Isabel Martin eta Eider Rodriguezek hartuko dute parte.
Gasteizko liburutegi sareak ‘Liburu Egunak' jarriko du martxan bihartik aurrera

Liburuaren Nazioarteko Eguna dela eta, Udalaren Liburutegi Sareak Liburu Egunak ekimena abiatuko du apirilaren 5etik 26ra bitartean. Egitasmo honen helburua "kulturaren eta herritarren arteko topaketareko aukera ematea da, irakurketaren, liburuen eta ikuskizunaren bidez, eta baita kultura-espazioen sorkuntza sustatzea ere, irakurketaren ohitura eta kultura zabalduz”. 

Bihar hasiko dute egitaraua Miren Agur Meaberen Nola atondu (dudan nire) gela bat norberarena hitzaldi eta errezitaldiarekin. Virginia Woolf-en lanari keinu bat eginez, egileak sormenaren gela atontzeko bere modua azalduko du, hainbat urratsetan; gela bilatzetik hasi, eta kontratua, espazioaren banaketa, argiztapena, aireztapena, altzariak, biltegiratzea, berokuntza eta osagarriekin amaitzeko, estetika-irizpideak eta materialak barne. Teorizazio-jolasa egin ahala, bere poemen pasarte batzuk irakurriko ditu.

Ostegunean, hilak 7, Mikel Santiagoren txanda izango da. Esta novela se autodestruirá en… solasaldi interaktiboa eskainiko du. Literatur sorkuntzari buruzko lantegian, tentsioa sortzeko, aurrea hartzeko, eta istorio batean jakin-mina sortzeko teknika nagusiak ezagutaraziko ditu idazleak.

Txani Rodriguez irakurleekin elkartuko da apirilaren 12ko literatura-elkarrizketan. "Elkarrizketa intimo eta pertsonal baten bidez", Aratz Goikoetxea kazetariak egilea aurkeztuko du, haren idazteko modua, liburu berrietarako gaiak aukeratzeko estrategiak… Lagunen arteko hizketaldia izango da, Rodriguezen ibilbidean zehar.

Apirilaren 21ean Julio Llamazares bertaratuko da, Primavera extremeña: Apuntes del natural liburua aurkeztera. Itziar Perez Argomaniz kazetariaren eskutik, egilearen azken lana —literatura eta artea batzen dituena— ezagutaraziko dute, eta bere ibilbide luzean barrena murgiltzeko aukera izango da.

Liburuaren Egunean, apirilaren 23an, Isabel Martin artistak Poesía de periferia para otros mundos posibles errezitaldia eskainiko du. Poesia eta kantu flamenkodun ikuskizuna hori hiru ataletan garatuko da: lehenengoan, maskulinitate patriarkalari lotutako lidergoen ondorioak jorratuko dira; tartekoan, lidergo maitagarriak deituriko eraldaketa proposatuko da, mundu hobe baterantz joateko eredu gisa; eta, azkenik, Beste mundu posible batzuetara atalak itxiko du errezitaldia. “Des-maitasun” erromantikoaren kulturari aurre egiteko, bide feminista proposatuko da, hau da, "nola desmuntatu barneratutako misoginia eta besteenganako misoginia, eta, azkenik, gizonei zuzenean dei egiten dieten poema batzuk, berdintasunezko mundu baterantz jo dezaten".

Amaitzeko, apirilaren 26an (asteartea), Eider Rodriguezek bere azken liburua aurkeztuko du, Eraikuntzarako materiala deseraikitzen izeneko solasaldian. Egilea Patxi Zubizarretarekin solastuko da eleberriaz. 

Jarduera guztien sarrera doakoa izango da, lekuak bete arte. Ekimenaren inguruko liburuxkan kontsulta daitezke xehetasunak.